Harrobia lanean ari da
Ordizia Saskibaloiko txikienen Azatxo Eskolak entrenamendu saioa egin du asteburuan. Umeek ere kirola behar dutela aldarrikatzeko modua ere izan da
Denboraldi atipikoa izaten ari da edozein kirol modalitatetan. Hala ere, Ordizia saskibaloi taldeak lanean dihardu; kategoria gehienetan liga bertan behera geratu zen, hala agindu zuelako Saskibaloi Federazioak; nagusienen kasuan liga hasi ahal izan zuten, eta senior mutilak eta neskak ere partidak jokatzen ari dira,COVID-ak uzten dienean behintzat. Izan ere, liga hasi zenetik, asteburu bat bai, asteburu bat ez ari dira… herriak eremu gorrian sartzea direla,… mareatzerainokoa izaten ari da!
Azkeneko urte honetan, sekula santan baino gehiagotan entzun ditugun ditxosozko bi hitzak: bertan behera. Hitz horiek hainbestetan entzun ditugunez, benetan pozgarria izaten da edozein ekintza, ekitaldi edo dena delakoa egingo dela, jakitea. Azken asteburuan adibidez, ez da partidarik jokatu Ordiziako Majori kiroldegian, jokatzekoak zirenak bertan behera geratu ziren. Hala, Ordizia Saskibaloiko maila nagusietako taldeek, klubeko txikienei utzi zieten tokia asteburuan; Ordizia Saskibaloi taldearen Azatxo eskola martxan da. Joseba Caballero Ordizia saskibaloi taldeko ordezkaria «oso pozik» agertu da asteburuak eman duenarekin. «Uste dugu txikienentzat guztiz beharrezkoa dela kirola egitea, barruak husteko balio die, eta bizitzen ari garen momentu hauetan, lagunekin askatasunez egoteko aukerarik ez duten honetan, bizimodua hainbeste aldatu den honetan, segurtasun neurri guztiak beteta bada ere, taldekideekin elkartu eta entrenamendu bat egin ahal izatea, oso positiboa izan da guztientzat». Dudarik gabe «ederki pasa» zutela nabarmendu du Caballerok.
Partidarik jokatu ezin izan bazuten ere, «seiko taldetan banatu» behar izan zirelako, «lan handia» egin zuten. «Teknika landu genuen». Parte hartzeari dagokionez «gustura» agertu dira, baina batez ere, parte hartu zutenen «jarrera ona» azpimarratu du. «Haurrek primeran pasa zuten, izerditu ona bota zuten eta pozik joan ziren etxera».