Hirigintza arauak eta herritar lauak
Gaintzan hiri antolamenduko plangintza berritu aurretik, herritarrekin parte-hartze prozesua hasi dute. Kezkak eta beharrak jaso, eta etorkizuna batera ireki nahi dute
Udalerri batek izan dezakeen langintza konplexuenetakoa eta garrantzitsuenetakoa dira Hiri Antolamenduko Arauak. Diziplina askok parte hartu behar izaten dute, ertz askotan sartu, arlo ugari kontuan hartu. Ez dira alferrik herri horren etorkizuna bideratuko duten jarrai-lerroak. Gaintzan, urte mordoxka bateko zikloa agortuta, iritsi zaie arauak berritzeko garaia, eta, lehenbizi, gaintzarrekin ezarri nahi ditu udalak oinarriak.
Gaintzaren etorkizuna antolamendu horren gainean beste inon baino pisutsuago etzaten dela jakitun, Parte hartze komunitarioaz hirigintzako gogoeta egiteko prozesua abiarazi dute, Farapi aholkularitza kooperatibak gidatuta. Ez baita hirigintza, zerbitzuak edo harremanak antolatzea soilik, 120 bizilagunetik beheratzen ari den herriaren biziraupena ere jokoan baitago ia.
Eta etorkizuna denena denez, denekin elkarbanatu nahi izan du udalak haren diseinua. «Asmoa da, udalean guk erabaki beharrean, ahalik eta adostasun handiena lortzea da, herritarrekin lanketa eginda. Gure iritzia eduki dezakegu, baina beste eremu batera bideratu nahi dugu. Orduan, lanean hasi eta gauzak gaizki egin beharrean, herritarrei kontsulta egin nahi diegu», dio Gaizka Balerdi alkateak.
Urtarrilaren 30ean hasi zuten gogoeta eta ekarpen prozesua. «Gaintza herri txikia da, baina herri bizia ere bai. Prozesu interesgarria abiatu dugu, herri gisa kohesioa lantzeko ere baliagarria izango dena. Hala erakutsi du behintzat lehenengo saioak», esan dute Farapiko teknikariek.
Gaintarrak «gogoz»
Giro onean elkartu dira lehen batzarrean. «Gaintzarrak gogoz zeuden parte hartzeko, euren herriaren etorkizuna jokoan zegoela ulertuta, etorkizun horren eraikuntzan aktiboki eta gogotsu parte hartu nahi dute», dio Farapik. Prozesua aurkeztu, gaiak identifikatu eta horiek lantzeko oinarriak elkarrekin zehaztu dituzte. Beste bizpahiru saio egingo dituzte, bigarrena larunbat honetan.
«Asmoa martxoa bukatzerako prozesua amaitzea da, eta arauak eguneratzen hasi ahal izateko oinarri bat edukitzea», aurreratu du alkateak.
Arauek irtenbidea, bidea eta baliabideak eman beharreko zenbait arlo atera dira dagoeneko mahai gainera. «Garrantzia gehiena hirigintzari eman diogu, bai udalak, eta bai herritarrek. Herritarrei etorkizuneko Gaintzan zer egotea gustatuko litzaiekeen prozesu honetatik atera nahi dugu», dio Balerdik.
Bigarren lan-eremu bat, etorkizuneko zerbitzuena da. «Adinean aurrera doa herria, gazte gutxi dago, eta ehuneko handi bat heldua edo oso heldua da. Horientzat etorkizuneko beharrak asetzeko zerbait landu beharra adierazi dute». Hirugarren eremu bat, azpiegiturena da.
Geroak eta arauek esango dute Gaintza zer izango den, baina herriak hitz egin eta gero.