«Magia trukoak ikastea eta publikoaren aurrean erakustea da helburua»
Gaztetxoa zenetik etxean landutako afizioa publiko egin berri du Eneko Gutierrezek (Legazpi, 2001), eta ilusionista edo mago gisa aurkeztu du bere burua. Ikuskizunak egiteko prest dago.
Zer zara, magoa ala ilusionista?
Gauza bera dira, baina guk nahiago dugu ilusionista esatea.
Eta zer da ilusionista bat?
Aurretik teoria eta hainbat teknika ikasi ondoren, kartak eta bestelako tresna batzuk erabilita jendeari ilusio bat trasmititzea da egiten duguna. Hartzaileari magia bezala iristen zaio burura ilusio hori, itxuraz ezinezkoa delako.
Nola murgildu zinen zu mundu honetan?
Duela ia zazpi urte hasi nintzen, 2014an. Lagun batek magia truko bat egin zidan eta asko gustatu zitzaidan. Liburu batetik ikasi zuela esan zidan, eta liburu hura nire ikastetxea izandako Domingo Agirreko liburutegian zegoela. Hango liburuzainari eskatu, eta etxera eraman nuen liburua aste beterako. Hura irakurtzean, txundituta geratu nintzen magiarekin, eta neu ere trukoak ikasten eta egiten hasin nintzen.
Liburu batean irakurrita ikasi al daiteke magia egiten?
Bai. Liburuetatik asko ikasten da, baina garrantzitsuagoa da mundu honetan ari den beste jendearekin harremana izatea eta haiengandik ikastea, edo zuk besteei erakustea. Mundu mailan magia biltzar ugari egiten dira, eta hemendik gertu ere badugu bat, Gasteizko Magialdia. Horrelako biltzarretan hitzaldiak eta erakustaldiak izateaz gain, magoak geure artean ezagutzeko aukera izaten dugu, eta elkarri erakusteko.
Teoriaz gain, praktika ere garrantzitsua izango da.
Bai, noski. Ondo ateratzeko, ordu asko praktikatu behar dira liburu batean ikasitako trukoak, edo beste mago bati ikusitakoak.
Zein da zure espezialitatea?
Karta jokoak dira batez ere, hasiera-hasieratik horiekin ibili naizelako. Baina ez dut neure burua mugatu nahi, eta uztai txinatarrak ere oso interesgarriak iruditzen zaizkit, baita kartekin mentalismo jokoak egitea ere. Eta haurrentzako magia jokoak ere ikasten ari naiz, batez ere horientzako ikuskizunak egiteari begira.
Izan ere, trukoak ikastea bakarrik ez, truko horiek publikoari egitea da zuen helburua.
Bai, trukoak edo jokoak, guk nahiago dugu joko deitzea. Eta bai, publikoari erakustea da gure helburua.
Nire lehenengo publikoa nire aita izan zen, ikasten nuen guztia berari erakusten nion. Lagunei ere egiten nizkien jokoak noizean behin, eta iazko urte amaieran urrats bat eman eta publiko zabalago baten aurrean agertu nintzen lehen aldiz.
Non izan zen zure lehen agerraldi publiko hori mago gisa?
Donostiako Egia auzoko La Farandula mikro antzokian egin nuen, abenduan. Ordura arte ez nuen neure burua prest ikusten publikoaren aurrean jarduteko.
Ez zenuen bakarrik debutatu…
Ez, Errenteriako Maria Arandiarekin bikotea osatuta egin nuen lehen saio hura. Maria 2018an ezagutu nuen, hain justu magia kontuekin piska bat aspertuta nengoenean. Baina Maria ezagutu eta kartak hartu nituen berriz ere, Magialdiara ere joan nintzen hurrengo urtean, mago gehiago ezagutu nituen…
Eta konfinamenduaren garaian erabaki genuen bion artean bikote magiko bat osatzea. Enikma izena jarri genion. Iazko uztailaren 1ean aurkeztu genuen sare sozialetan, baina gure helburu nagusia La Farandulan ikuskizun bat egitea zen. Guk egiten dugun magia motarako leku aproposena dela iruditzen zitzaigun, areto txikitan banatuta dagoelako, eta lortu genuen!
Nolako ikuskizuna izan zen?
La Farandulak magiari eskainitako bi egunetan parte hartu genuen, egun bakoitzeko 20 minutuko lau saio eginez. Dena oso ondo atera zen, eta oso pozik geratu ginen. Gainera, ondoko aretoan ari ziren Aritz Petrikorena eta Juan Capilla mago ezagunekin egoteko aukera izan genuen.
Ez al dago lehiakortasunik magoen artean?
Ez, alderantziz! Dakigun guztia, besteengandik ikasia da, eta besteei erakusten diegu. Magiak duen gauza ona da mago guztiak lagunak garela. Mago guztiak oso abegitsuak gara, dena elkar banatzeko prest gaude eta gure artean oso ondo konpontzen gara.
Zeintzuk dira Enikmak aurrera begira dituen proiektuak?
COVID-19ak asko mugatzen du, baina ikuskizun bat martxan jartzea pentsatzen ari gara, ideia pila bat ditugu. Bakarka ere arituko gara, bakoitza gure aldetik, baina bikoteari eman nahi diogu indarra momentuz. Gure magia Legazpin erakustea asko gustatuko litzadake, baita Mariaren herrian ere, Errenterian. Eta Bilbon ere bai, hangoa delako nire familia osoa.
Bakarkako saioei begira, zein da zure helburua?
Haurrei begirako ikuskizunak ditut buruan, urtebetetze festak eta horrelakoak. Ea hau guztia igarotakoan jendea ni kontratatzera animatzen den. Horretarako, nire Instagram kontuaren bidez kontaktatu daiteke nirekin: enekoo12. You Tuben ere badut kontua: EG_Ilusionist. Hor ikusi daiteke zer lan egiten dudan.