«Nahiko ondo aurkitu naiz, nik uste dut prest gaudela hasteko»
Egutegi gora-beheren ondoren, Frantziako Tour de la Provence-n hasiko du denboraldia Alex Aranburu ezkiotarrak, bihartik igandera. Iaz sinatu zuen Astana taldearekin.
Alex Aranburuk (Ezkio-Itsaso, 1995) Frantzian ekingo dio aurtengo denboraldiari, bihar, Astana Premier Tech taldearekin. Talde bereko Ion Izagirre eta Gorka Izagirre ormaiztegiarrak ere izango dira bertan.
Probentzako Itzulian hasiko duzu denboraldia. Zein izango da helburua?
Bai, lau etapa dira. Bertara ailegatu eta erabakiko da bakoitzaren betebeharra. Ea karrera polita egiten dugun.
Denboraldia Almeriako Klasikoan hastekoa zinen, eta azkenean Frantziara.
Berez hasita egon beharko genuke. Valentziako Volta, gero Murtziako Vuelta, Almeriako Klasikoa, Andaluziako Vuelta… baina COVIDa dela eta Valentzia, Murtzia eta Andaluzia atzeratu dituzte. Almeria edukiko nuke, eta karrera bakarra nuenez, Frantziakoan sartu naute. Behintzat ea martxan hasten garen.
Nola ikusten duzu zure burua?
Iaz denboraldia berandu bukatu genuen. Espainiako Vuelta normalean baina beranduago izan zen, COVIDa dela eta karrera gutxiago eta gero denak pilatuta izan genituen. Deskantsua ere arraroa izan da, eta urte hasiera presaka aritu gara. Baina nahiko ondo aurkitu naiz azkeneko asteetan eta nik uste dut prest gaudela hasteko.
Euskal Herriko Itzulian ere ariko zara ondo bidean, apirilean. Karrera garrantzitsua al da?
Azkenen karrera polita da, etxeko karrera da eta gustatuko litzaidake puntuan iristea. Egutegian bertan badaukat. Klasikoak ere hor daude eta nahiko txukun ibiltzea gustatuko litzaidake.
Aurreko denboraldian Italiako Giroan parte hartzekoa zinen, baina azkenean Espainiako Vueltan aritu zinen. Nola eragin dizu COVIDak?
Egutegia erabat aldatu zitzaigun. Giroa egiteko asmoz geunden, baina positibo bat izan nuen eta etxean geratu behar izan nuen. Denboraz justu geunden Girorako eta Vuelta egin nuen, halaxe tokatu zen. Azkenean denontzat izaten ari da urte arraroa eta ahal den bezala segitzen ari gara.
Iaz egin zenuen talde aldaketa, pandemia hasi zen urtean. Nolakoa izan da aldaketa hori?
Oso motibatuta nengoen talde aldaketarekin. Egutegi aldetik pentsatuta genuena aldatu behar izan genuen eta motibazioa bilatzea gero zaila da, etxean egon, arrabola eta beste… Zaila izan zen baina bukaeran korritu nituen karreretan oso gustora ibili nintzen, eta horrek konpentsatzen du azkenean bestea. Aurten dirudienez, lehenxeago martxan jarriko gara, eta ematen du egutegi aldetik ere hobexeagoa izango dela.