Inauteria, aurten etxe giroan
Legazpin, Goierri osoan bezala, ez da festarik izango kalean. Sustraiak dantza taldearen konpartsak 30 urte betetzen zituen aurten. Bideo bat prestatu dute ospatzeko
Inauteria kalean, mozorrotuta, lagun artean, festa eta algara giroan egiteko jaia da, baina aurten, zerbait izatekotan, etxe barruko ospakizuna izango da. Goierrin, kalean mozorro gutxi ikusiko da, eskoletako festak ez dira betikoak izango eta desfileak ez dituzte egingo, eta dantza taldeek ere ez dituzte urteroko konpartsak kaleratuko.
Legazpin jai esanguratsuak dira Inauteriak, eta gaur hasi eta igandera arte ospatuko liratekeen, dena ondo bidean. Ostegunean Doinua musika eskolak egiten duen kalejira; ostiralean, ikastetxeetako festak eta desfilea, Lintx eta katamaloak, txarangaren kalejira eta kaleko eta tabernetako giroa; larunbatean, Gaztetxearen mozorro festa; eta igandean, Sustraiak dantza taldearen konpartsa. Denak bertan behera utzi dituzte, ezinbestean, koronabirusaren eraginez.
Konpartsak, 30 urte
Legazpiar asko bezala, Sustraiak dantza taldeko kide den Jon Dorronsoro atsekabetuta dago inauterien faltagatik, are gehiago urteurren garrantzitsu bat ospatzerik izango ez dutelako.
Aurten 30 urte betetzen dira inauteri konpartsa lehen aldiz kaleratu zutenetik. Dorronsoro hasieratik izan da antolaketa lanetan. «Garai hartan fandango eta arin-arin ikastaroak ematen genituen, eta ikusten genuen partaideek ez zutela ezer gehiago egiten urte osoan zehar. Haiei begira, 1991n inauteri konpartsa bat ateratzea erabaki genuen».
Urte haietan Legazpiko inauteria asteartean bakarrik ospatzen zen, ikastetxeetako desfilearekin eta kaleko eta tabernetako parrandarekin. Konpartsare- kin, egitaraua osatu eta inauteriak luzatu egin ziren. Urte batzuetara astearteko festa ostiralera pasa zen, baina konpartsak igandean jarraitu zuen.
Euskal dantzak erakustea eta euskal kultura zabaltzea zen Sustraiaken helburua, baina «baita jendeari parte hartzeko aukera ematea ere». Lortu ere, lortu zuten, «urtero 100dik gora lagun elkarten gara, taldekoak gara batzuk, baina beste asko ez, eta urtero parte hartzen dute».
Euskal Herriko inauteri gehienak erakutsi dituzte orain arte, «Inude eta artzainak, Axeri dantza, Luzaidekoa, Suletinoa, Lapurdikoa…». Dantzak, pertsonaiak eta musika dira osagai nagusiak. Musika jarriz, Olaztiko txaranga ibili zen lehen urteetan, Dulantzikoa gero, eta azken aldian Gasteizko bat.
Lintx eta kamaloak
Konpartsa egun osoko festa izaten da. Goizean Laubiden elkartu eta erdialdera jaisten dira gero, bidean dantza eginez. Bazkaldu ondoren, berriz ere kalejira bat, eta plazan amaitzen dute. Han, Lintx eta katamaloak agurtu ondoren, panpina erre eta hurrengo urtera arte agurtzen dira.
Legazpiko inauteriak badu berezitasun bat, berezko pertsonaiak dituela: Lintx eta katamaloak, festen hasieran eta amaieran agertzen direnak.
Hasieran, euskal inauterietako panpinak erretzen zituzten konpartsa amaitzeko, baina 1998n panpina horri izena jarri eta Lintx sortu zuten, «katamotzetik datorren izena eta legazpiarren ‘ilintxa’ goitizena elkartuta». Lintxek eboluzio bat izan du gerora, eta 2011n hezur haragizko pertsonaia bihurtu zen eta ostiralean, katamaloez lagunduta, inauteriei hasiera ematen die eta igandean, amaiera, txorimaloa erretzearekin batera. 2012tik gainera, Asier Iriondok sortutako koplak ere baditu Lintxek.
Aurten Lintx ez da etorriko, baina inauteriak izan, izango dira Legazpin. Sustraiak taldeak egingo du horretan bere ekarpena, aurreko urteetako konpartsen irudiz osatutako bideo bat kaleratuko duelako sare sozialen bidez igandean.