Atzera ere, ondoko herriraino
Gaur sartuko da indarrean Eusko Jaurlaritzak ostiralean onartu zuen neurrien egokitzapena. Aldameneko herrira joan ahal izango da kirola egitera edo aktibitate sozioekonomikoetara.
Indarrean dagoen dekretua martxoaren 5era arte indarrean mantentzea erabaki zuten ostiralean, Labi aholku batzordearen bilera bukatu berritan. Dekretu horri aldaketa nabarmen bat egin zaio, ordea, izan ere, mugakide diren herrietara mugitzeko aukera emango dute, berriz ere. Horrez gain, eragin tasa 500etik beherakoa duten herrietan, eskola kirola eta talde ez-profesionaletako entrenamenduak ere egin ahal izango dituzte.
Aldaketa horiek gaur sartuko dira indarrean. Eta horrenbestez, mugikortasuna norbere herritik aldamenetakora ere zabalduko da. Eguraldi iragarpena ere ona da datozen egunetarako, eta horrek, kalean, bidegorrietan eta mendi bideetan ohi baino jende gehiago ibiltzea ekarriko du.
Bestalde, EAEko Auzitegi Nagusiak ostalaritzaren inguruan hartutako behin behineko neurriak, eremu gorrian dauden herrietan ere tabernak zabaltzea ekarri du berekin. Jaurlaritzak ez du bat egin neurri horrekin, nahiz eta epailearen autoa errespetatzen duela esan.
Neurriak apur bat arindu badira ere, arduraz jokatzeko deia egin die, beste behin ere, lehendakariak herritarrei.
Martxoaren 5ean bilduko da Labi aholku batzordea, neurri horiekin jarraitu ala beste batzuk onartzen dituen aztertzeko.