Bi igerilari goierritar, estatu mailako onen artean
Naia Sarasola ordiziarrak eta Nahia Garrido urretxuarrak lehen eta bigarren postu bana lortu dituzte euskal selekzioarekin.
Asteburuan, junior eta infantil mailako Autonomia Erkidegoen arteko Espainiako Igeriketa Txapelketa jokatu dute Oviedon (Asturias). Tolosaldea IKT klubean aritzen diren bi igerilari goierritar izan ziren bertan, infantil mailako euskal selekzioarekin: Naia Sarasola ordiziarra eta Nahia Garrido urretxuarra.
Emaitza ezin hobeak lortu dituzte biek ala biek ere. Txapelketa honetan, ordea, bakarkako lanak ez dituzte dominekin saritzen, eta lortutako postuaren arabera, puntuak pilatzen dira, selekzioen sailkapenerako. Gero, dominekin saritzen da selekzio bakoitza.
Bai Sarasolak, baita Garridok ere, infantil mailako lau estiloen errelebo probako finalean lortu zuten postu onena. Eskualdeko klubeko igerilariak, Uxue Garate eta Uxue Navarrorekin batera aritu ziren, eta lehenak izan ziren, 4:28:49ko denbora markatuz, Gaztela eta Leongo (4:39:57) eta Kantabriako (4:41:73) selekzioen aurretik. Azpimarratzekoa izan zen Garridok egindako lana. Hasieratik lortu zuen aldea zabaltzea, eta gero horri eutsi ahal izan zioten besteek.
Urretxuarrak, gainera, beste bi probatan hartu zuen parte. Bizkar-igeriketako 100 metroko proban, bigarren izan zen, kronoa 1:05:81ean geratuz. Llum Tonrath balearra izan zen onena, 1:03:67ko denborarekin. Estilo bereko 200 metroko proban, berriz, bosgarren sailkatu zen.
Sarasolak, berriz, beste lau probatan hartu zuen parte. Estilo libreko 100 metroko proban bigarren izan zen, 1:00:25eko denbora markatuz, Josha Vermeer balearrarengandik ehuneneako bakarrera. Tximeleta estiloko 200 metroko proban bosgarren izan zen ordiziarra; lau estiloen 200 eta 400 metrotako probetan, berriz, zazpigarren.
Tolosaldea IKT klubetik, Garridok eta Sarasolak erakutsitako maila goraipatzeaz gain, biak zoriondu nahi dituzte, lortutako emaitzengatik. Bestalde, animo mezuak bidali nahi dizkiete txapelketa honetan aritzeko deituak izan ziren Markel Garmendia eta Unai Zubeldia igerilariei, konfinatuta egonagatik ezin izan baitute Oviedon egon.
Azkenik, klubetik adierazi dutenez, azken asteetan, kontrol moduko lehiaketak egiten ari dira inguruko igerilekuetan. Tartean, eskualdeko infantil mailako igerilariek erakutsitako maila nabarmentzen dute, Euskal Herriko igerilari onenekin batera aritu direlako.