Nora Tobar Espainiako txapelketan onena izan da altuera jauzian
Iazko txapelketan lortu zuen 1,71 metroko jauzia ondu eta 1,74 metro eginda urrezko domina lortu du atleta ataundarrak.
Nora Tobar Txindoki atletismo taldeko atleta ataundarra, Espainiako txapelduna izan da altuera jauzian. Modalitate horretan inoiz lortu duen markarik onena egin du. 1,71 metroko markarekin joan zen Valentziara, eta hiru zentimetro ondu zuen, 1,74 metroko jauzia egin zuelarik. Urrezko domina lepoan «oso-oso pozik» bueltatu da etxera.
Azken lorpen horrekin, atleta gaztearen palmaresa haziz doa, eta oraingo honetan gainera bai, urrea berea izan da. Iragan 2020ko otsailaren 23an jokatu zen Salamancan iazko Espainiako Txapelketa, eta orduan ere, podiumean egotea lortu zuen, baina hartan, hirugarren geratu zen. Ordukoa da aurtengo txapelketara eraman duen marka onena, 1.71ekoa.
Larunbatean, konpetentzia handia izango zuela jakitun, gainontzeko atleten ondoan bosgarren marka onena baitzeraman Tobarrek, guztia ematera atera zen , eta inoizko jauzirik onena egitea lortu zuen. «Hiru zentimetro ondu dut aurretik nuen marka, eta hori zaila da, oso-oso pozik nago!»
Osasun krisiak hala behartuta, Espainiako txapelketa prestatzeko mugatuta ibili dela kontatu du, baina orohar, «beste urte batzuetan baino entrenamendu gehiago» egin dituela, «Ataunen bertan, etxe inguruan eta teknikoa agian bai, beste batzuetan baino gutxixeago landu dut, baina emaitza oso ona izan da».
Orain, datorren asteburura begira dago Tobar. Izan ere, asteburuan Espainiako Atletismo Txapelketa absolutoa jokatuko da Madrilen. Ataundarrak hitzordu horretan egoteko moduko marka du, zortzi onenen artean baitago. Partaideen zerrenda ofiziala noiz atera zain dago, Madrilera joango den baieztatzeko.