Rock doinuz betetako lana kaleratu du Billy Club hirukote legazpiarrak
Taldearen lehen diskoa da, bost abestiz osatutakoa. Publikoaren aurrean emanaldi bakarra egin dute oraingoz, eta lana aurkezteko bira hasteko irrikan daude. Bigarren diskoa prestatzen ari dira
Legazpiko Subeltza musika fabrikaren jarduera geldirik dago asteotan pandemiaren eraginez, baina bertan ekoitzi dituzten azken produktuak aske dabiltza. Billy Club taldeak kaleratutako Billy Club izeneko diskoa da horietako bat. Hilabete eskas da kalean dela, eta bide luzea egin du dagoeneko.
Billy Club EP formatuko lana da, hau da, LP edo iraupen luzeko diskoa baino motzagoa, bost abestiz bakarrik osatuta dagoelako. Herriko eta inguruko hainbat puntutan dago salgai, 5 euroren truke: Legazpiko Giroa eta Karibe Zaharra, Urretxuko Osaba, Aretxabaletako Urbaltz, Oñatiko Ikatz eta Idiazabalgo Odei tabernetan.
Urko Garmendiak, Gonzalo Enparantzak eta Martin Toquerok osatutako hirukotearen lehen lana Interneten ere aurki daiteke, Youtuben momentuz, baina baita Spotify plataforman ere laster; «gaur egun euskarri fisikoa baino garrantzitsuagoa da ia euskarri digitala, are gehiago kontzertuak eman ezin diren garai honetan».
Esperientziadun musikariak
Billy Club taldearen ibilbidea ez da luzea. 2019ko udan elkartu ziren talde gisa lehen aldiz hiru musikari gazteak, «ezkontza batean kontzertu akustikoa egiteko» jaso zuten eskariari erantzunez. «Ondo konpondu» zirela eta, hirukotea osatzea erabaki zuten eta euren musika sortzen hasi ziren, Ingalaterran poliziaren borra izendatzeko erabiltzen duten ‘billy club’ adiera arrunta izentzat hartuta.
Beste talde batzuetan jotzeak emandako esperientziaz lagunduta iritsi ziren hirurak formazio berrira: Urko Garmendia eta Gonzalo Enparantza Browstons taldeko kideak ziren, bateria jotzailea eta gitarra jotzailea hurrenez hurren; eta Martin Toquero baxu jotzailea eta ahotsa, Aitti Skalari and La Rude Band-en aritutakoa zen, eta Arraion eta bakarka jotzen zuen orduan.
Subeltzako entsaio lokaletan ezarri zuten egoitza eta euren lehen lana izango zena prestatzen hasi ziren. Pandemiak harrapatu zituen erdian, baina ez ziren gelditu eta bakoitzak bere etxean jarraitu zuen lanean. Ordurako Subeltzako grabazio estudioaren ardura daraman Iker Otegirekin harremanetan jarrita zeuden, «ondo ezagutzen dugu, eta konfidantza handia ematen zigun»; hantxe bertan grabatu zuten lehen diskoa. Bost abestiz osatuta dago, hiru euskaraz eta bi ingelesez abestutakoak.
Bitartean, kontzertu bat egiteko aukera ere izan zuten, konfinamenduaren ondoren, uztailean. Gaztetxean jo zuten, John Dealer & The Coconuts taldearen gonbidatu gisa. Publikoaren aurrean egin duten agerraldi bakarra izan da, eta publikoaren aurrean berriz jotzeko irrikan daude.
Interneten, berriz, birusari eskainitako abestiarekin egin zuten debuta, Youtube plataforman; iazko abenduaren erdialdea zen. Gainerako abesti guztiak ere argitaratu dituzte dagoeneko, horietako baten bideoklipa eta guzti. Gaztetxeko azpiko lokalean grabatu zuten Bad Boy abestiaren bideoa; euren lagun Uxue, Danel eta Beñat unibertsitatean egiten ari ziren masterrerako proiektua zen, eta hartaz baliatu ziren. EP-a edo disko fisikoa urtarrilaren erdi aldean kaleratu dute.
Lanak oso harrera ona izan duela diote, «baina kontzertuak eman ezin ditugunez, ez da berdin sentitzen harrera hori». Diskoa aurkezteko bira hasteko gogoa dute.
Riff ‘rockanroleroak’
Taldearen lehen lan honetan rock klasikoa edo folk-rock klasikoa lantzen dutela azaldu dute Billy Clubekoek, «riff rockanrolero asko sartu ditugu, eta melodia gogoraerrazak sortu ditugu».
Hala ere, estiloa erabat definitzeko, orain prestatzen ari diren bigarren lana osatu arte itxaron beharko dela aitortu dute. Itxaronaldia ez dela luzea izango jakinarazi dute, bigarren lan hori nahiko aurreratuta dagoelako; «bi diskoren aurkezpen birak elkartu egingo zaizkigu!».