Arte eszenikoak, urte osorako oparia Urretxun eta Zumarragan
Helduentzako bederatzi ikuskizun eta haurrentzako zazpi jaso dira egitarauan. Zelai Arizti, Labeaga eta Ederrena izango dira eszenatokiak. Sarrerak, 10 eta 5 euro
Arte eszenikoen aurtengo egitaraua prest dute Urretxuko eta Zumarragako udalek, pandemia hasi zenean «kulturaren alde egindako apustuari eutsiz».
Martxoan hasiko da denboraldia, eta urte bukaerara bitartean, helduentzako bederatzi ikuskizunek eta haurrentzako beste zazpik osatuko dute karteldegia. «Unean-unean ezarritako osasun neurriak beteko direla» bermatuko dute, eta pandemiaren bilakaeraren arabera, data aldaketak izan daitezkeela ohartarazi dute antolatzaileek.
Helduen programazioa
Zortzi antzezlan eta musika emanaldi bat izango dira helduentzako eskaintzan, martxotik abendura bitartean hileko bat, uztailean eta abuztuan izan ezik. Saioak hileko lehen ostiralean izango dira, 19:00etan, Zumarragako Zelai Arizti Aretoan.
Sarrerak 10 eurokoak izango dira, eta gazte txartelarekin, 7 eurokoak. Gazte Ordua formulari esker, 30 urtetik beherakoek 5 euroan erosi ahal izango dute sarrera emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago. Bonuak ere izango dira, bederatzi saioetarako 70 euroan, eta euskarazko saioetarako 35 euroan. Aurreko urteko bonua aldatu nahi dutenek bihar ostirala egin behar dute (10:00- 13:30 eta 15:00-18:30) Zelai Arizti kultur etxean, eta bonu berria egiteko eguna larunbata da (10:30-13:00).
Haurrentzako saioak
Haur programazioa, bestalde, zazpi ikuskizunez osatuta dago, sei Urretxuko Labeaga aretoan emango dituzte eta zazpigarrena, Pirritx, Porrotx eta Marimots pailazoena, Ederrena pilotalekuan. Labeagako emanaldiak igandetan izango dira, 17:00etan.
Sarrerak 5 eurokoak izango dira, eta egunean bertan leihatilan edo aurrez Urretxuko kultur etxean erosi ahal izango dira. Pirritx eta Porrotxen ikuskizunak 7 euro balioko du. Aurten ez da haurrentzako bonurik izango.
Maiatzaren 29an, bestalde, Pirritx, Porrotx eta Marimotsen Amaren intxaurrak eskainiko da; urtarrilaren 24an egitekoa zen, baina pandemiagatik atzeratu egin behar izan zuten.