Burgostik Legazpira etorrita, 51 urte fruta saltzen
Vesga fruta saltzaileen negozioan 51 urtez lan egin eta gero, erretiroa hartu du Ricardo del Riok. Burgostarra da jaiotzez, baina Legazpin bizi da 14 urte zituenetik. Herrian, «betiko fruta sailtzailea» dela diote.
Ricardo del Riok erretiroa hartu zuen atzo Ordiziako ferian, fruta salmentan 51 urteko ibilbidea egin eta gero. Legazpiko Vesga familiaren negozioan egin du lan, eta 65 urte bete eta 10 egunera agurtu da bezeroez eta bidean egindako lagunez.
Burgoskoa da jaiotzez Ricardo del Rio, Errioxatik gertu dagoen Fresno del Rio Tiron herrikoa. Handik etorri zen Legazpira 14 urte eskas zituenean, Alvaro Vesga fruta saltzailearen etxera, harekin lan egitera. Vesga bera ere Burgoskoa zen, San Martin de Don herrikoa, eta 1965ean fruta salmenta negozioa jarri zuen martxan Legazpin, fabrikan urte batzuk egin eta gero. Errioxako Calahorrara joaten ziren orduan fruta bila, eta hara joaten zen Del Rioren lehengusu baten bidez egin zuten kontaktua. Etxekoek ez zuten trabarik jarri, aitaren anai bat ere Legazpin zegoelako ordurako.
Legazpira, 14 urterekin
Urte hartan bertan, 1970ean, eskola amaituta zegoen Del Rio, eta lanean ere jardundakoa zen, ardiak zaintzen. Herriko iraileko festak amaitutakoan, igandean etorri zen Legazpira, «zeharo kikilduta», eta Calahorratik bueltan bidai luzea eginda. Vesgaren etxera iristean Juli Gomez etxekoandreak senarrari esan ziona gogoan du: «Baina zer ekarri didazu, nik hazteko ume bat?».
Fresnoren ondoan, Legazpi herri ikaragarria iruditu zitzaiola dio Del Riok, «lehen egunean galdu egin nintzen!». San Ignazio auzoan zegoen orduan Vesga fruta biltegia, eta tomate garaian bete-betean zeudela, emakume bati kaxa bat etxera eramaten laguntzera joandakoan, itzuliko bidea aurkitzea kostatu zitzaiola dio erdi farrezka.
Banaketa eta azokak
Banaketa lanak egiten zituzten urte haietan, «Anparo, kaleko Basabe, Itxaropen auzoko Basabe eta Jose Luis, Brigi… herriko ia denda guztietara saltzen genuen». Ostiraletan, kamioia hartu eta Brinkolaraino ere joaten ziren fruta saltzera. Eta ferietara ere bai: asteartean Azpeitin, asteazkenean Ordizian, ostiralean Legazpin, eta larunbatean Oñatin. Kamioiak kargatzea eta deskargatzea, biltegia antolatzea, Brinkolako salmenta, azokak… eta 1980an Vesgak lehen denda ireki zuenetik baita hango lana ere. Denetik egin du Del Riok, eta urte hauetan guztietan sektorean izandako aldaketen lekuko izan da. Adibidez, lehen Calahorrara joaten ziren bezala, orain MercaBilbaora joaten dira fruta bila. Fruta eskaintza ere asko zabaldu da eta produktu berriak sartu dira, kiwia bezala. Eta lana ez da orain hain neketsua, «kamioiak asko hobetu dira plataforma jasotzaileekin, eta fruta kaxak paletetan paketatuta etortzen dira, ez dira banan bana deskargatu eta mugitu behar».
Orain, atsedena
Fruta salmenta asko gustatu zaio Del Riori, eta erretiroa «penaz» hartu duela aitortu du. Bezeroekin tratua gustukoa izan du, eta lankideekin harreman ona izan du beti, «despedida ospatuko dugu ahal denean!».
Ez daki zer egingo duen, aurrerantzean, baina atseden hartu nahi du. Legazpin geratuko da momentuz, Fresnora astebururo joanez, han bizi baitu ama.