Anbulantzietako langileek ere txertoa exijitu dute, «arriskuan» daudelako
Anbulantzietako langileek protestak hasi dituzte «txertoa orain» jartzea eskatzeko, «lehen lerroko langileak» direlako. Grebara joango direla ere iragarri dute
Azpikontratatutako anbulantzietako langileek COVID-19aren aurkako txertoa jar diezaieten eskatu dute, birusaren aurka «lehen lerroko langileak» direla argudiatuta. Orain arte «kontutan hartu ez» dituztenez, protestak hasi dituzte aste honetan bertan, Donostiako ospitaleko atarian kasu, ELA, USO, LAB UGT, CCOO eta CNT sindikatuek deituta. Hurrengo egunetan Osakidetzak eta osasun sailak pausoak ematen ez baditu, greba deituko dutela iragarri dute.
Orain arte ez dute ahotsik altxatu espero zutelako COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina hasi eta segituan deituko zituztela anbulantzietako langileak ere. Txertaketa kanpaina aurrera doa, eta Joseba Gorostiza anbulantzietako langileen ELAko ordezkariak adierazi duenez «momentuz ez gaituzte txertoa jartzeko deitu». Bere hitzetan, «hirugarren eta laugarren mailako langile gisa tratatzen gaituzte». ELAko ordezkariak gaineratu duenez, «azpikontratatutako langileek duten arazoa dela batik bat», eta Osakidetzan azpikontratatuta dauden anbulantzietako langileak «%99a dira». Langile kopuru zehatzera joanda «Gipuzkoan 500 inguru lagiletaz ari gara, EAEn, 1.500».
ELA sindikatuko ordezkariak esan du «duela hilabete baino gehiago Osasun Sailburuordearekin biltzea eskatu» zutela, «baina erantzunik ez» dutela jaso.
Langileen egunerokoa
Anbulantzietako langileen egunerokoa nolako den ere kontatu du Gorostizak, «beharrezkoa delako gizarte osoak jakitea, zein den benetako egoera, zeren anbulantzietako langileei txertorik ez jartzea, langilea bera arriskuan jartzeaz gain, anbulantzia bat eskatzen duen edonorentzat ere arazo bat da hau».
Lehenak arreta ematen
Herritar batek larrialdietara deitzen duenean, «kotxe istripu bat izan duelako, bihotzekoa ian duelako, kalean erori eta min hartu duelako,… eta anbulantzia baten beharra badu, anbulantzietako langileak gara beste inork baino lehen arreta emango diogunak». Gorostizak kontatu du, aipatutako kasu horietaz gain, «COVID-19agatik gaixo daudenak ere artatzen» dituztela. Horregatik guztiagatik, «ulertezina» dela «oraindik txertorik jaso ez izana».
«Txertoa orain»
Gauzak horrela, anbulantzietako langileek exijitzen dute COVID-19aren aurkako txertoa «orain» jartzea: «Lehen lerroan lanean ari diren gainontzeko langileek izan duten trataera exijitzen dugu, eta azpikontratutako langileak izatea, ez dadila izan aitzakia guri oraindik txertorik ez jartzeko». Zeren «osasun krisia hasi zenetik lanean jasan behar izan dugun presioa handitu baino ez du egiten honek, eta langileak fisikoki eta psikologikoki kaltetuak izaten ari dira». Beraz, «txertoa orain» nahi dutela azpimarratu du.