Iratzarrik 'Ilargiarekin dantza' egitera gonbidatu ditu herriko emakumeak
Martxoan zehar emango du tailerra Sandra Muskek. Koronabirusaren gainetik jarrita, lanean ari da emakume elkartea. Webgunea eta Martxoaren 8a, hurrengo proiektuak
Legazpiko Iratzarri emakume elkarteak eskaintza berria kaleratu du udaberrirako: Ilargiarekin dantzan tailerra. Sandra Muskek emango du, adin guztietako emakumeei zuzenduta, martxoko astelehenetan eta asteazkenetan, goizez eta arratsaldez.
Tailerra doakoa da, eta gehienez bost laguneko taldeak osatuko dira. Izena emateko epea irekita dago oraindik: iratzarri.legazpi@gmail.com helbidera idatzita egin daiteke, edo Iratzarriren lokaletik pasata, hilaren 24an, 16:30etik 18:00etara.
‘Ilargiarekin dantzan’
Sandra Musk aski ezaguna da Iratzarriko kideen artean, duela zazpi urte hasita dantza ikastaroak ematen dituelako. Sabel dantza, dantza tribala eta fusioa dira bere espezialitateak, eta bere ikasleak emakume gazteak dira batez ere.
Tailer berriari buruz azaldu duenez, «orain eskainiko dudana mugimendura bideratuko dut bereziki, musikaz lagunduta gorputzeko atalen disoziazioa bilatu nahi dut. Ez dugu gorputz fisikoa bakarrik landuko, baita burua ere». Musken esanetan, jarduera «interesagarria» da, mugimenduarekin tentsioak askatzea eta ondoezak desagertaraztea lortu daitekeelako. «Ez da izango dantzarako gunea soilik, baita autoezagutzarako gune bat ere».
Iratzarri, 1989tik lanean
Ilargiarekin dantzan ikastarorako izen-ematea martxa onean doala azaldu dute Iratzarriko zuzendaritza taldekoek, eta garai honetan horrek «poza» ematen diela gehitu dute. Izan ere, COVID-19ak ere izan du eragina elkarte honen jardueran, eta besteak beste, horren eraginez joste lanen eta eskulanen tailerra edo zumba ikastaroa ez daude martxan ikasturte honetan. Yogak, pilatesek, sabel dantzak, lerroko dantzek eta saloi dantzek, ordea, gainditu dute traba hori, eta talde txikitan banatuta eta ordutegi eskaintza zabalagoarekin, funtzionamenduan daude.
Beraz, koronabirusaren gainetik jarrita ari da ikasturte berriari aurre egiten Iratzarri, zuzendaritza taldea gidari dela. Amparo Perez, Marisa Domenech, Txaro Morras, Arantxa Sudupe, Victoria Flores, Isabel Ramos, Begoña Lekue, Arantxa Ibarreta eta Isabel Alonso dira talde horretako kideak. Horien artean beteranoenak Amparo Perez, Marisa Domenech eta Arantxa Ibarreta dira, eta «urte askotan zehar, batzuk elkartea 1989an sortu zenetik, egindako lanari aitzortza» egin nahi diete zuzendaritzako gainerako kideek.
Legazpiko emakumeen alde lan egiten du Iratzarrik, eta sortu zenetik gaur arte ikastaro eta tailer ugari, hitzaldiak, irteerak, opor txikiak eta Elkarbizitzaren eguna bezalako festak antolatu ditu, besteak beste.
Orain, elkartearen webgunearen sorreran ari da lanean, eta Martxoaren 8ari begira ere jarrita dago.