EH Bilduk kontzentrazioa egin du Beasainen, Igartza Oletan bi norabide ezartzearen aurka
Autoei lehentasuna ematen diela, ingurumenari kalte egiten diola eta garestia dela diote
EH Bilduk elkarretaratzea egin du gaur Igartza Oleta kalean, bertan bi norabideak ezartzearen aurka. Bi norabideak berreskuratzea autoei lehentasuna ematea dela uste dute. Gainera, bi norabideak berreskuratzeko ibaiaren gainean plataforma bat egin behar da eta horretarako zuhaitzak bota behar dira. EH Bilduren ustez, hori ibaiaren osasunarentzat kaltegarria da. Bestalde, EH Bildukoek adituek ez dutela egitasmoa onuragarri ikusten aipatu dute. Adituek ez omen dute argi trafiko arazoak arintzeko balioko ote duen. Bestalde, koalizioarentzat garestia da lana eta halako gastu bati egungo egoeran heltzea «arduragabekeria» dela esan dute. Gaia Mugikortasun Mahaian lantzea eskatu dute.
Datozen asteetan hasiko dira kalean bi norabideak berreskuratzeko lanak. Errepidea zabalduko dute, baina espaloiari tokirik ez kentzeko, Oria ibaiaren gainean erlaitza bat eraikiko dute. Gobernu taldeak hiru helburu lortu nahi ditu: oinezkoen segurtasunean eta ingurumenean aurrerapausoak eman, herriko sarbidean ondarea ikusarazi eta herri barruko trafikoaren puntu beltzak arindu.