Emakumeen Mundu Martxari harrera beroa egin diote goierritarrek
Ekitaldia Mariarazko zubian izan da eta 100 bat emakumek parte hartu dute
Bost urtean behin nazioartean garatzen den Emakumeen Mundu Martxaren Euskal Herriko korrontea ari da bukaerara iristen. Urrian hasi zuten Irun eta Hendaia artean V. Nazioarteko Ekintza, eta martxoaren 6an leku berean amaituko da. Zubi guztien gainetik, mugarik ez, transnazionalik ez! leloa du aurtengo ekimenak. Migrazioari eta arrazakeriari jarri diete arreta.
Goierriko emakume eta feminista taldeek modu bateratuan bat egin dute aurten ere Mundu Martxarekin, Goierriko Koordinadora Feministak bilduta. Ekitaldia gaur egin dute Beasain eta Ordizia bitarteko Mariarazko zubian. 100 bat emakumek parte hartu dute. Mundu Martxaren karabana eguerdian heldu da eta Goierrin jositako pankarta erantsi diote nazioarteko aldarrikapen nagusiari.
Zubiaren sinbologia erabilita, herrien eta lurraldeen arteko lotura irudikatu dute, «gaur egun zubiak hartu duen hesi zentzuari aurka eginez».
Horra hor Gotzon Aranburuk grabatutako bideoa eta argazki batzuk.