Haurreskolen partzuergoan laugarren greba eguna dute gaur
Beasainen, Seguran, Urretxun eta Zerainen egingo dituzte elkarretaratzeak. Zerbitzua eta langileen baldintzak hobetzeko sei eskari dituzte. Bihar ere greban egongo dira
Haurreskolen partzuergoa laugarren greba eguna egiten ari dira, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek deituta. Sei eskari dituzte: «Haurreskolak partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean; dauden akordioak errespetatzea eta betetzea; lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea; langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea, lanpostuak egonkortuz; irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak partzuergoa gehitzea; eta aurrekontua handitzea».
Beasainen, Seguran, Urretxun eta Zerainen elkarretaratzeak egingo dituzte aldarrikapenak entzunarazteko. 16:30ean izango dira Segurako, Urretxuko eta Zeraingo mobilizazioak, Haurreskolaren eta Gainzuri ikastetxearen aurrean eta plaza nagusian; Beasainen 18:00etan elkartuko dira, Erauskin plazan. «Argi utzi nahi dugu jarraituko dugula urteetan Haurreskolak partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanarekin eta langileak mobilizazioen bidez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan». Bihar ere greba eguna dute.
Zazpi greba egun
Abenduan hasi ziren lehen lanuzteekin, baina «Hezkuntza Saileko arduradunen negoziatzeko borondate eza dela-eta», egoerak okerrera egin duela diote sindikatuek. Abenduko bi greben ostean, bilera batera deitu zituzten, eta bertan izan ziren lehenengoz Hezkuntza Saileko ordezkariak ere, baina sindikatuak zalantzati eta kezkatuta atera ziren bileratik: «Haur eskolen etorkizunaren inguruan genituen baino zalantza eta kezka gehiagorekin eta larriagoekin atera ginen». Agintariei «argi hitz egiteko» eskatu diete.