Haurreskoletako langileek mobilizazioak egin dituzte Goierrin
Zerbitzua eta langileen lan baldintzak hobetzeko eskatzen dute. Protestak kalera eraman dituzte euren ezinegona gizarteratzeko
Haurreskolen partzuergoko langileak greban daude LAB, Steilas eta ELA sindikatuek deituta. Mobilizazioak egin dituzte Beasainen, Seguran, Urretxun eta Zerainen euren aldarrikapenak entzun arazteko. Sei eskari dituzte: «Haurreskolak partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean; dauden akordioak errespetatzea eta betetzea; lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea; langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea, lanpostuak egonkortuz; irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak partzuergoa gehitzea; eta aurrekontua handitzea».
Bihar ere greban egongo dira. Txanda honetan hirugarren eta azken greba eguna izango dute. Osotasunean zazpigarren greba eguna izango da, urte honetako bosgarrena. Hezkuntza Sailak jaramonik egiten ez dietela kexu dira. «Argi utzi nahi dugu jarraituko dugula urteetan Haurreskolak partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanarekin eta langileak mobilizazioen bidez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan».