Toberako bederatzi ikaslek hartuko dute parte Andoaingo piano jaialdian
Pandemia egoera dela eta zalantzan bazegoen ere, aurrez aurreko jaialdia egitea erabaki dute antolatzaileek. Gaur, 19:00etan, batzar orokorra izango dute Toberako bazkideek telematikoki
Zegamako, Zeraingo, Mutiloako eta Segurako Tobera Dantza eta Musika eskolan jarduerek ez dute etenik izan. Buru belarri lanean jardun dute pandemia egoeran ere eskola barruko ekintzei dagokienean, egoerara egokituta eta musuko, garbiketa, aireztapen eta distantzia fisikoarekin. Ez da kutsatzerik izan, ez ikasleen artean, ezta langileen artean ere. Ekintza asko modu birtualean egin dituzte. Datorren asteburuan, otsailaren 27an eta 28an, aurrez aurreko emanaldia eskaintzeko aukera izango dute Toberako 9 ikaslek Andoaingo 16. piano jaialdian.
Iker Gomez de Segura eskolako zuzendariak azaldu du «harriduraz» jaso dutela erabakia, azken momentura arte ez baitute jakin egitekoa zen ala ez. Larunbatean jakinarazi zuen ofizialki jaialdiko antolakuntzak aurrez aurreko jaialdia egingo zutela: «Egindako lana eta prestatutakoa jendaurrean jo ahal izango dute eta ilusioz helduko diogu». Aforoa mugatua izango da: aurten ikasle bakoitzak gehienez bikide gonbidatu ditzake. Toberako ikasleek urtero hartu dute parte Andoaingo jaialdian, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. A kategorian 7 ikasle ariko dira: Maia Perez, Maddi Mardaras, Udane Inza, Noa Otaegi, Adei Martinez, Libe Sarasa eta Aintzira Zabaleta. B kategorian, berriz, Naiara Iraola, eta C kategorian Malen Otaegi.
Batzar orokorrerako deia
Bestalde, gaur, 19:00etan hasita, batzar orokorra egingo dute Toberako bazkideek, telematikoki. Musika eskolak dituen 200 bazkideak deitu dituzte parte hartzera. 2019/2020 ikasturtearen memoria, diru-kontuen kitapena eta ondasun-inbentarioan izandako gehikuntza izango dituzte mintzagai. 2020/2021 ikasturterako eskola-plangintza, aurrekontuaren nondik norakoak eta zuzendaritza batzordearen osaera berria azalduko dituzte. Aloña Olaran presidente hautagaiak aurkeztuko du saioa, eta Iker Gomez de Segurak emango ditu azalpenak.
Toberako arduradunek aurreratu dutenez, apirilean entzunaldi birtualak egingo dituzte lau herrietako lekurik esanguratsuenetan Toberako ikasleek.