Beat-eroak, gazte txokoetan euskara eta rap musika uztartzeko gonbitea
Proiektu pilotua da, eta Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzuan eta Urretxu-Zumarragako Gazte Bidean gaztelekuan ari da garatzen. Abesti bat eta bideo klip bat egingo dituzte
Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzua eta Urretxu-Zumarragako Gazte-bidean gaztelekua Beat-eroak proiektu pilotua ari dira lantzen azken asteotan. Foru Aldundiaren babesarekin ari dira lanean, Iametza komunikazio enpresaren laguntza teknikoarekin. Musika, euskara eta gazteak dira proiektuaren ardatzak.
Rap musikaren bitartez, gazteekin euskara zeharka eta era dibertigarrian lantzea da Beat-eroak proiektuaren helburua. Legazpiko eta Urretxu-Zumarragako gazteentzako zerbitzuetan proiektu pilotua landu ondoren ateratzen diren emaitzetan oinarrituta, etorkizunean Beat-eroak Gipuzkoako gazteleku edo gaztetxoko gehiagotara zabaltzea da foru aldundiaren Gazteria sailaren nahia.
Legazpin, Eit Point
Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzuan pasa den urtarrilean hasi ziren lanean Beat-eroak proiektua eta helburuak gazteei aurkezteko eta taldea osatzeko. Lehen lan horien emaitza proiektuan parte hartzeko interesa agertu duen Eit Point taldearen sorrera da, 12 urteko zortzi neskaz osatutakoa.
Eit Point taldeko gaztetxoak ostiral arratsaldeetan elkartzen dira Gazte-txokoan, proiekturako aukeratu duten berdintasunaren gaia lantzeko. Datozen egunetan rap doinuen erritmoa aukeratuko dute, eta zabaldu nahi duten mezuen inguruan hausnartu behar dute.
Musika eta mezua aukeratuta, abesti bat sortuko dute, eta horretan Telmo Trenor rap munduan aritutako Donostiako beat-maker musikari ezagunetarikoaren laguntza izango dute. Prozesuan zehar grabatutako irudiekin bideoklip bat ere osatuko dute.
Gurasoak ere inplikatu nahi dituzte proiektuan, eta Legazpiko Nerabe Zerbitzuko arduradunek bilera egingo dute gaur 18:30ean Gazte-txokoan, proiektuan parte hartzen ari diren nesken familiekin. Proiektuari buruzko xehetasunak ematea da helburua.
Gazte-bidean ere martxan
Urretxu-Zumarragako Gazte-bidean zerbitzuan ere sortu da Beat-eroak proiekturako talde bat, bi herrietako bi neskaz eta bi mutilez osatutakoa. DHHko 2. eta 3. mailako ikasleak dira.
Gaia ere aukeratuta dute: gazteak izateagatik jasan behar duguna. Horren inguruko esaldiak, hitzak eta esamoldeak ere prest dituzte dagoeneko, baita rap erritmoa aukeratuta ere. Material horretatik abiatuta, rap abestiarentzako poesia edo hitzak osatuko dituzte asteburuan. Erronka txiki bat ere ezarri dute sortuko den abesti horretarako, bigarren talde batekin elkarrizketa bat osatu nahi dutelako. Talde hori pertsona helduez edo gurasoez osatuta egotean datza erronka. Behin abestia sortuta, Telmo Trenorren lana etorriko da, Legazpin bezala, eta martxoaren erdi aldean bideokliparen grabazioa egin nahi dute.
Gazte-bidean zerbitzuko arduradunak pozik daude proiektuak izan duen harrerarekin, «gazteen artean euskararen erabilera modernoagoak zabalduta, erabilera bera handitzea posible dela uste dugu».