Fabriketako emakumeei egin die keinu lehiaketak
Beasaingo Udal Euskaltegian antolatzen duen M-lehiaketak fabriketako emakumeak izango ditu protagonistak. Martxoaren 8an, sari banaketaren ostean, gaiari buruzko hitzaldia egingo da.
Zer lan egitera joaten ziren Maulera? Beasaingo Udal Euskaltegiak jarri du m-lehiaketako lehen galdera. Informazio osagarria ere eman du: «Erronkaribar, Zaraitzu eta Aragoiko Anso ibarretako zenbait emakumek 1850 eta 1930 bitartean urtero egiten zuten Pirinioen alde batetik besterainoko ibilbidea; udazkenean abiatzen ziren eta udaberrian itzultzen ziren; Horregatik ainariak, ainarak, enarak… deitzen zitzaien». Erantzunak emateko lau bide daude: 688 74 03 85 zenbakira, euskaltegia@beasain.eus helbidera edo euskaltegiko Facebookera idatzita edo euskaltegian bertan.
Emakumeak fabriketan da aurtengo gaia. Martxoaren 3ra bitartean gaiaren inguruko hainbat galdera jarriko dituzte, udal euskaltegiaren web orrian. Sare sozialetan eta GOIERRIKO HITZAren webgunean ere zabalduko dira. Hala, euskaltegia herrira gerturatu nahi da eta emakumeen jarduna, ezagutarazi. Martxoaren 8an, Emakume Langilearen Nazioarteko egunean, Elixabete Garmendiak Emakumeak fabriketan. Taladrina usaina hitzaldia eskainiko du. saioa 17:30etan izango da, Urbieta etxean. Ekitaldi berean sari banaketa egingo da. Sarietako bat parte-hartzaileen artean zozkatuko da eta bestea, euskaltegiko ikasleen artean.
Egitaraua ixten
Beasaingo Udala martxoaren 8rako ekintzak antolatzeko lanetan dabil. Datozen egunetan aurkeztuko dute programazioa. Elkarte feministek ere antolatuko dituzte mobilizazioak.
ERANTZUNAK
· Online. Udal euskaltegiaren Facebookean edo euskaltegia@beasain.eus helbide elektronikoan.
· Telefonoz. 688 74 03 85 whatsapp zenbakira idatzita.
· Aurrez aurre. Beasaingo Udal Euskaltegian.