Iparragirre sariak berriz ere martxan, narratiba, poesia eta bertso paperari begira
Idazleek urriaren 1era arteko epea dute lanak aurkezteko. Sei sari banatuko dituzte, hizkuntza eta arlo bakoitzeko bana eta bakarra. Saritutako lanak liburu formatuan argitaratuko dituzte.
Koronabirusak jendearen bizitzaren alderdi asko jarri ditu hankaz gora, baina sormena zapuzterik ez du lortu. Hori erakusteko aukera izango dute bertso papera, narratiba eta poesia maite dutenek, Urretxuko eta Zumarragako udalek deitu dituzten Iparragirre literatur sariei esker. Kalean da 2021eko edizioa, eta urriaren 1ean amaitukoda lanak aurkezteko epea.
Aurreko edizioekin alderatuta ia aldaketarik gabeko oinarriez lagunduta datoz aurtengo Iparragirre sariak. Ohi bezala, bertso papera, narratiba eta poesia modalitateetako lanei zabalduta dago deialdia, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitakoei azken bi ka-uetan. Gaia librea izango da, eta lehiakideek gehienez bi lan aurkeztu ahal izango dituzte hizkuntza eta arlo bakoitzeko.
Lanak aurrez argitaratu gabeak edo beste lehiaketaren batean saritu gabeak izan beharko dira. Luzerari dagokionez, narratibazkoak sei eta 12 orri artekoak izango dira, eta poesiazkoak 200 lerrotik gorakoak. Bertso paperetan adin taldeak egingo dira, eta 16 urtera artekoek gutxienez sei bertso eta gehienez hamar idatzi beharko dituzte, eta 16 urtetik gorakoek, zortzi eta hamabi arteko bertso sorta; bi kasuetan doinua zein den adierazi beharko dute. Lanak bi herrietako kultur etxeetan entregatu daitezke, bertara joanda edo postaz bidalita.
Sei sari guztira
Sei sari banatuko dituzte, hizkuntza eta arlo bakoitzeko bana eta bakarra. Euskarazko narratiba arloko irabazleak 650 euro jasoko ditu, eta beste hainbeste erderazko narratibaren irabazleak. Poesiaren atalean ere bi sari banatuko dituzte, euskararako 650 eurokoa eta erderazkorako 650 euroko beste bat. Azkenik, bertso paperetanak, 16 urtera arteko mailako saria 150 eurokoa izango da, eta 650 eurokoa 16 urtetik gorakoena. Horrez gain, saritutako lanak argitaratuak izango dira liburu formatoan.
Sari banaketarako data ez dago oraindik zehaztuta, eta abenduan jakinaraziko dute. Iazko lehiaketaren irabazlea Iñigo Legorburu hernaniarra izan zen 16 urtetik gorako bertso-paperen atalean, Ane Odriozola legazpiarra euskarazko narratiban eta Jose Antonio Palomares madrildarra erderazkoan. Ainhoa Andueza iruindarrak euskarazko poesia saria irabazi zuen eta Rafael Bravo debarrak erderazkoa.