Ordiziako aparkaldi mugatuko txartelak jaso daitezke udaltzaingoan
Datorren martxoaren 5a bitartean jaso ahalko dira txartelak. Udalak jakinarazi du, aparkaldi mugatuko eremu horretan aparkatzea doakoa izaten jarraituko duela momentuz
Martxoaren 5a bitartean jaso ahalko dira Ordiziako Eskarabillako aparkaldi mugatuko gune gorrian aparkatu ahal izateko txartelak. Orain arte, 500 eskaera inguru jaso dituzte eta beste norbaitek egin nahiko balu, Udaltzaingoaren bulegoan egin daitezke eskaerak, 08:00etatik 20:00etara bitartean. Udalak jakinarazi du, eremu horretan aparkatzea doakoa izango dela momentuz, baina etorkizunean, udal ordenantzak jasotzen duen kopurua ordaindu beharko dutela, txartelaren eskaera egiten dutenek. Banatuko diren txartelak, ez dira 2021erako bakarrik izango, ez dute iraungitze datarik izango.
Eskarabillako erremu gorrian aparkatzeko txartela hori dutenek aparkaldi mugatuko lekuan aparkatzea baimenduta izango dute. Gainontzekoek, ezingo dute txartela izan gabe bertan aparkatu eta honako ordutegia errespetatu beharko dute: 20:30etik 09:30era.
Doakoa oraingoz
Batetik, pandemia dela, eta bestetik, inguruan egiten ari diren etxe berrikuntzak direla, aparkamentu galera sortu da herriko eremu horretan. Horregatik, 2020ko martxoan, gune gorriarentzako erabakitako erabilera, bertan behera geratu zen, eta horrekin batera, ordaintzeko obligazioa. Ez dute zehaztu noiztik aurrera izango den ordainpekoa.
Udalak jakinarazi duenez, denbora tarte honetan txartela eskatu duten pertsonei ez zaizkie ordenantzak jasotzen duen ordainketa tramitea egiteko behar diren datu guztiak eskatu, beraz, orain txartel berriaren bila etortzen direnean, falta diren datuak eskatuko zaizkie, eta kontu korronteko zenbakiaren ziurtagiria ere eraman beharko dute.