Ormaiztegiko argiteria LED sistemara aldatzeko lanak hasi dituzte dagoeneko
Udalak herriko argiteria osoa LED sistemara egokituko du. Lanak martxoan amaitzea aurreikusi dute. Iturri berriztagarriak erabiliko dituzte energia sortzeko. Iaz abiatutako proiektua da
Ormaiztegiko Udalak Argituz, zainduz, hobetuz. Ormaiztegi Berdea lelopean proiektu berri bat jarri du martxan. Herriko argiteri osoa LED sistemara aldatuko dute. Dagoeneko hasi dituzte instalazioa aldatzeko lanak eta hainbat farolek jada badute LED sistema. Argindar horniduraren %100 energia berdea izango da, iturri berriztagarriak soilik erabiliko dituztelako elektrizitatea sortzeko.
Iaz abiatu zuten proiektua, baina pandemia egoera dela eta atzeratu eta aurten amaituko dute. Udalak azaldu duenaren arabera, gaueko zerua hobeto ikusi ahal izango dute herritarrek sistema berriarekin, zerurantz proiektatzen den argiaren ehunekoa murriztuko duelako sistema berriak. Gastuak ere murriztuko dituzte, %74 zehazki, instalazio berrien eraginkortasuna handiagoa izango delako aurrerantzean.
Tecun enpresak gidatuko du proiektua, eta enpresa horren esku geratuko da argiteriaren kudeaketa eta hornidura prestazioak hamabi urtez. Gastu energetikoa ere haiek kudeatuko dute tarte horretan, eta mantentze lanak eta hobekuntza zerbitzua ere eskainiko dute. 532.803 euroko aurrekontua du proiektuak, eta herriko 400 puntu inguru aldatuko dituzte. Martxo amaierarako Ormaiztegiko argiteria osoa LED sistemara egokituta egotea aurreikusi dute. Instalakuntzaren hobekuntzaren bitartez, matxurak murrizteko helburua dute, eta udalak azaldu duenez, gertakari eta arazoen aurrean azkarrago erantzuteko aukera emango die sistema berriak. Martxora arte, beraz, Ormaiztegiko kale argiak berritzeko lanetan ariko dira. Ondoren, udalak adierazi du «ingurumenera eta energia aurreztera bideratutako argiztapenaren abantailez» gozatuko dutela.