«Festetatik kanpo ere esparru bat eman zaie buruhandiei»
Teknologia, elektrizitatea eta maitasuna oinarri izanik, Xegunda buruhandiaren istorioa idatzi du Ane Muruak (Idiazabal, 1995) 'Erroskilazaleen Kluba' ipuin bildumarako.
Erroskilazaleen Kluba liburuko Xegundaren istorioa idatzi duzu. Nola sortu zen ekimena?
Udalak asmatutako ekimena izan zen. San Blasetan ezer ez zenez egon, zerbait egitea pentsatu zuten. Iazko festetako programan herrian dauden buruhandiak azaldu ziren, eta horri jarraipena emateko, aurten istorio bat eman nahi zitzaion buruhandi bakoitzari. Azaro aldera buruhandi bat eta jorratzeko gaiak esleitu zitzaizkigun.
Zeintzuk izan ziren jarraibide edo gai horiek?
Adibidez, nire kasuan, natura eta nekazal mundua izan ziren. Hortik abiatuta sortu nuen Xegundaren istorioa.
Ikus-entzunezko ikasketak egin dituzu. Beti gustatu izan al zaizu idaztea?
Institutu garaian, idazlanak bidaltzen zizkigutenean, gustura egiten nituen. Kontzienteki, karreran gidoigintza bezalako ikasgaiak ematen hasi ginenetik gustatzen zait. Bertan konturatu nintzen idazketak ez duela literarioa bakarrik izan behar, beste idazketa mota asko daudela eta azkenean dena batera doala. Gidoigintzaren bitartez zaletasun hori aurkitu dut.
Teknologian eta elektrizitatean oinarritu zara istorioa kontatzeko. Zer islatu nahi izan duzu horren bidez?
Aurretik inguruan ikusi nituen egoeretan oinarritu nintzen. Adibidez, kontziente izan naiz beti elektrizitatea falta zaigunean ia ezer ez dakigula egiten. Edo kalkuladorarik gabe. Gabezi hori islatu nahi nuen.
Xegundaren eta Finaren arteko maitasun istorioak ere garrantzia du ipuinean.
58 urteko emakume bat da protagonista. Adin horretan maitasun istorioak ez dira asko tratatu, eta haurrei kontatzeko ipuinetan ni ez naiz topatu horrelako kontakizunekin. Maitasuna maitasuna da, gauza naturala, igual dio zein generoren artean den. Gaia umeei planteatzea interesgarria iruditu zitzaidan.
Nolakoa izan zen idazketa prozesua?
Idazteko momentua azkarra izan zen, baina nola tratatu erabakitzeko aukera desberdinak pentsatu eta planteatu nituen. Argi nuen maitasun istorioa egongo zela eta horrek Xegundaren eraldaketa ekarriko zuela. Baserrian bizi den emakumea da, herrira ia jaisten ez dena. Haren ezaugarriek herria harengana joateko aukera ematen zidaten, eta Finaren bitartez egin dut.
Idazteaz gain, ipuin kontaketa saioak egin dituzue. Gaur hirugarrena zen egitekoa. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Oso polita. Amaia Telleriak idatzitako ipuina ez du berak kontatzen saioetan, baizik eta Ane Aseginolazak. Buruhandien istorioak idatzi ditugun beste hirurak, Mari Karmen Arostegi, Joseba Galarraga eta ni, ez gara inoiz ipuin kontaketetan ibili, eta esperientzia berria izaten ari da guretzat.
Polita, eta azkenean gure buruarentzako erronka bat ere izan da. Umeen feedbacka ikusten dugu haien aurpegietan, eta urduritasun guztiak haien aurpegiak ikustean joaten zaizkigu. Balorazioa oso positiboa da. Gaur adinkako hirugarren saioa zen egitekoa baina atzeratu egin da, Covid kasuen igoeragatik. Azken saioa, irekia izango da.
Herriko kultura herritarren artean zabaltzeko bide bat da.
Azkenean buruhandiak gu txikiak ginenekoak dira. Herriko kulturaren parte dira, eta istorio bat eman zaie. Etxe guztietara banatu zen liburua, eta umeek etxeetan irakurtzen duten ipuina da. Kontaketa saioetan irakurrita dutela nabari da, eta pertsonaia gustukoenak dituzte.
Pixkanaka garrantzia eman zaie buruhandiei. Lehen festetan bakarrik agertzen ziren. Orain festetatik kanpo ere beste esparru bat eman zaie, eta herriko pertsonaia bezala identifikatzen ditugu.