Goierrin 29 txirrindulari proba sartu dituzte urteko egutegian
Iazko birmoldaketaren ondotik, ohiko datetan kokatu dituzte. 14 herritan daude karrerak, gehienak juniorrenak. Ataunen dira amateurren Euskadiko Txapeketak
Ezohikotasunari gain hartu nahian, eta beti ere koronabirusa epaile dagoela jakitun, Goierriko txirrindulari elkarteek atondu dute 2021eko errepideko lasterketen egutegia, Gipuzkoakoaren barruan. Guztia zilipurdikatu zen iaz, baina urtearen bigarren erdian probak doi-doi garatu ahal izateko neurria aurkitu zioten; esperientzia horretatik tiraka, ohiko urte baten itxura duen eskaintza jarri dute.
Gipuzkoan, larunbatean hasiko dira txirrindulariak lehiatzen, Euskaldun txapelketako Zumaiako proban. Goierriko errepideetan ziklistak ikusteko astebete itxaron beharko da; Beasainen martxoaren 6an irekiko dute eskualdeko martxa, kadeteen Usurbe Probarekin. Martxoko lasterketa bakarra da, ordea.
Behin-behineko egutegia aurkeztu du Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak. 101 proba jokatuko direla aurreikusten da, horietatik 29 Goierrin. Ugarienak, bestetan bezala, juniorrenak dira: 35 denera, 12 Goierrin. Gero kadeteenak dira gehien, 20 Gipuzkoan, 5 eskualdean. Emakume seniorrenak 16 dira denera, bi Goierrin: Beasainen eta Seguran. Amateur gizonezkoen probak 23 daude Gipuzkoan, horietatik 9 eskualdean: Euskaldun txapelketakoak 9 (3 Goierrin), Lehendakarikoak 10 (4 hemen) eta klasikoak 4 (bi Goierrin, Beasainen eta Legzpin.
Txapelketak
Antolaketan, hamalau herritan jarri dituzte bailarako probak: Beasainen eta Seguran bosna, Lazkaon 3, Legorretan, Ordizian, Urretxun, Ataunen eta Zegaman bina, eta Legazpin, Zaldibian, Mutiloan, Olaberrian, Idiazabalen eta Zumarragan bana.
Horien artean, aipagarriak izango dira amateurren Euskadiko Txapelketak, Ataunen jokatuko baitira ekainaren 6an. Edo juniorren UCI 1.1 kategoriako Gipuzkoako Klasikoa Urretxun, eta Mundial Aurreko nazioarteko klasikoa Beasainen.
Profesionalen hitzordu bakarra Ordiziak hartuko du, uztailaren 25eko Klasikoa. Movistar, Astana eta AG2R izango dira.
Goierriko txirrindularitza lasterketak 2021ean