Mankomunitateak era jasangarriagoan garbituko ditu 2.000 edukiontziak
Sasietak gas natural konprimituarekin dabilen kamioia erabiliko du gaurtik aurrera edukiontziak barrutik eta kanpotik modu eraginkorragoan garbitzeko. Kamioiak 300.000 euro balio du
Sasieta mankomunitateak edukiontziak garbitzeko kamioi berria du. Jasangarriagoa da, emisio gutxiago isurtzen dituelako, isilagoa delako eta ur gutxiago behar duelako. Mankomunitateak duen halako ezaugarrietako lehen kamioia da, bakarra. 302.487,9 euroko kostua du eta Resa Guipuzcoana konpainiari erosi diote, lehiaketa publiko baten ondoren .
Ibilgailu berriak Ros Roca LCCL-5200 ekipoa du atoian. Kamioia edukiontziaren parera iristen denean, jaso egiten du eta ekipoaren barrura sartzen du. Bertan, bost txorrotetako bi buruko robot bat dago. Errotazio- eta oszilazio-mugimenduei esker, txorrotak zirrikitu guztietara iristen dira, «garbiketa ezin hobea lortzeko». Urari xaboia eta desinfektatzailea gaineratzeko aukera dago. Ur zikinak jaso egiten ditu, gero tratatuak izateko.
Edukiontzi bakoitzak ekipoaren barruan bizpahiru minutu egiten ditu gehienez. Halere, garbiketa denborak moldatu egin daitezke. Edukiontzi marroiek urdinek baino behar handiagoa izaten dute normalean, esaterako. Mankomunitateko 2.000 edukiontziak hamabost egunetik behin garbitzen dira, kamioiaren eta eskuzko garbiketa txandakatuz.
Ur kontsumoa neurtuta egoteaz gain, kamioak ez du nitrogeno oxidoen eta kedar-partikulen emisiorik isurtzen. Izan ere, gas natural konprimituaz propultsatutako motorra du. Gasolina edo diesela baino erregai «askoz» garbiagoa da, errekuntza egiterakoan karbono dioxidoa eta ura baitira sortzen diren hondarrak. DGTren ECO etiketa du.
Isilagoa ere bada. Motorrak ia ez du zaratarik egiten, eta edukiontzia garbitzen ari den bitartean 106 dezibelioetatik ez da igarotzen. Europatik ezarritako baldintzak betetzen ditu.
Zaharrari, atsedena
Kamioia egunero ibiliko da lanean, zonak txandakatuz. Orain arteko kamioiak ia 20 urte ditu eta zaharkitua gelditu da erabilera handiaren erruz. Gaur hasiko da kamioi berria lanean, eta dena ongi badoa, zaharra erretiratu egingo dute.
Edukiontzi irisgarriak eskatuditu PSE-EEk
Beasaingo PSE-EEk Leire Artola Beasaingo alkateari eta Sasieta mankomunitateko lehendakariari edukiontzi irisgarriak jartzeko eskatu dio. «Beasainek ez du mugikortasun urriko bizilagunentzat egokitutako edukiontzirik. Gurpil-aulkietan dauden pertsonentzat eta mugitzeko arazoak dituztenentzat iritsi ezinak dira. Adinekoentzat eta haurrentzat ere zailak dira». Neurriak «ahalik eta azkarren» aplikatzeko eskatu dute.