Udalak eta Lekaiok Anjela Kerexetaren erraldoia egin dute
Urretxuko Udalak eta Lekaiok Anjela Kerexetaren (Joxe Mari Iparragirreren emaztearen) erraldoia egin dute, Iparragirre 2020 egitasmoaren barne. Koronabirusa dela eta, ezin izan dute aurkeztu oraindik. Izan ere, ekitaldi publiko batean aurkeztu nahi dute, jendea elkartzeko aukera dagoenean.
Asteartean erraldoia kalera atera zuten, lehenengoz. Izan ere, Herri txiki, infernu handi telebista saiokoak Urretxura etorri dira eta, besteak beste, buruhandi eta erraldoien konpartsakoekin elkartu dira. Iparragirreren erraldoia bakarrik ateratzea, Anjelarena bukatuta egonda, gaizki iruditu zitzaien.
Anjelaren erraldoia egitea udalak eta Lekaiok proposatu zuten, Iparragirre 2020ko parte hartze prozesuaren barne. Helburua Anjelaren eta XIX. mendeko emakumeen ekarpenari balioa ematea da. Erraldoia Mikel Ibarzabalek egin du eta arropa Lurra dantza taldearen jantziak egiten dituen Ramon Garciak. Iparragirreren erraldoiak, berriz, 25 urte ditu jada.
Kerexeta Alegin jaio zen, 1838an. Iparragirre ezagutu zuenean, berak 17 urte zituen eta urretxuarrak 35. Argentinan ezkondu ziren, 1959an. Ondoren Uruguain bizi izan ziren. Bederatzi seme-alaba izan zituzten. 1877an Iparragirre Euskal Herrira itzuli zen, emaztea eta seme-alabak bertan utzita. Iparragirre 1881ean hil zen. Kerexeta Domingo Elutchanz-ekin ezkondu zen eta beste bi seme-alaba izan zituen. 1890ean alargun gelditu zen berriro. 1920an hil zen, Uruguain, 82 urterekin.