Fruta arbolak aukeratu dituzte Zuhaitz eguneko landaketetarako Ordizian
San Juan auzoko Baratze Parkearen ondoko lur sailean egin dituzte landaketak. Urdaneta ikastetxeko eta Jakintza ikastolako ikasleek parte hartu dute.
Zuhaitz Eguna egin dute Ordizian 26. aldiz. San Juan auzoan dagoen Baratza Parkearen ondoko lursailean egin dituzte landaketak, eta fruta arbolak aukeratu dituzte; 8 sagarrondo (4 barietate ezberdinekoak), 4 udareondo (3 barietate ezberdinetakoak), limoi-zuhaitza, laranjondoa, gereiziondoa, alberretxikua, nektarina, paraguaio eta melokotoi arbolak. Horiez gain masustak eta franbuesak ere landatu dituzte.
Zuhaitzak landatzeaz Urdaneta ikastetxeko eta Jakintza ikastolako 6. mailako ikasleak arduratu dira; Udal langileen eta Kimu Bat enpresako langileen laguntza izan dute, landaketak ondo egiteko.
Iñaki Mantzisidor Kimu Bat enpresakoak esan du, bi ikastetxeetako ikasleak jarrera “onarekin” gerturatu direla, eta nabari zela “batzuk baratzean ibilitakoak” zirela. Aukeratu dituzten landareen inguruan esan du, “sagarrondoa eta udarea adibidez, espezie autoktonoak” direla, baina limoi arbola eta laranjondoa ere jarri dituzte, beste batzuen artean, eta autoktonoak ez badira ere, “hemengo klimara ederki egokitzen diren arbolak” direla. Gainera, fruta arbolak aukeratu izana, “jardin jangarria egitea posible” dela erakusteko egin dutela.
Gaur landatu dituzten arbolen fruitua “aurten jaso ahalko” dela, “baina berez, lehenengo bost urteak indarrak arbolaren formakuntzara bideratzea hobea” dela nabarmendu du Mantzisidorrek, horregatik, landarea hazten ari den urteetan hobe dela “ematen dituen fruituak kentzea”. Gaurko lanak eginda, aurrerantzean ere kimaketa lanak egitea komeni dela esan du Kimu Bateko ordezkariak, eta hala, etorkizunean, barietate handiko fruta arbola parke polita izango dela.
Jarraian, goizean egin duten landaketetako irudi batzuk: