Hain gertu eta hain urrun
Muhammad Umair ‘Omar’-ek eta Josu Maroto urretxuarrak 2015ean ezagutu zuten elkar. Harreman horretatik sortu zen Masala Soul Project egitasmoa, Arteria Fabrikaren beka jaso berri duena. Pakistango irudiekin, Marotok erakusketa bat jarriko du maiatzean, Urretxun.
Goierriko sortzaileei babesa emateko, euren arteko indarrak batzeko eta sortzaileak saretzeko helburuarekin sortutako proiektua da Arteria Fabrika. Otsailaren hasieran egin zuten lehenengo Arterialdia jardunaldia, Legorretako herri antzokian. Hiru proiektu diruz lagunduko dituzte, eta horietako bat da Josu Maroto marrazkilari urretxuarraren Masala Soul Project egitasmoa. 2019an Pakistanera egindako bidaia du oinarri, baina hori baino gehiago da, atzean Maroto eta Muhammad Umair Omar anaien historia baitago ezkutatuta. Bidaia horretan ateratako argazkiak marrazki bihurtuta, maiatzean jarriko du erakusketa, Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan.
Omarrek eta Marotok 2015ean ezagutu zuten elkar. Ordurako, Marotoren anaia gazteena, Jon, gaixorik zegoen. “Urretxuko gizarte zerbitzuekin harremanetan jarri ginen, anaia zaintzeko norbait behar genuelako”, esan du du Josu Marotok. Haren familiak egindako lan kontratuari esker, Omarrek bere egoera legeztatzeko paperak lortu zituen; 2010ean hasitako bide malkartsuaren erdian, gogoan duen garai gozoenetariko bat da hura.
Omar 1989an jaio zen, Kepranwalan (Gujarat, Pakistan), eta haurra zela pilotu izatearekin egiten zuen amets. Aita enpresaburua zen, eta bizimodu “erosoa” zutela oroitzen du, baina Omarrek “18 bat urte” zituela, enpresan gauzak okertzen hasi, eta aitak negozioa itxi behar izan zuen. Bere bizitzako “garairik zailenak” izan zirela dio. Artean ez zekien, baina mugarri izango zuen gertaera hura: ikasketak utzi eta jaioterria uztea erabaki zuen 2010ean, familiari laguntzeko.
Zazpi urte igaro ziren Pakistanera berriz itzuli zenerako. Hainbat lanbidetan aritu eta beste hainbeste lekutan bizimodua egiten saiatu eta gero, Urretxun finkatuta zegoen ordurako. 2016ko uztailean zendu zen Jon Maroto. Ordurako, Jonekin ez ezik, haren familia guztiarekin ere “harreman berezia” sortua zuen Omarrek. “Familiako beste bat da guretzako”, dio Josu Marotok.
Ezkontzeko garaia
Jaioterria utzi zuenetik, Omar 2017an itzuli zen lehen aldiz Pakistanera. Bidaia hartan, gurasoek, ezkontzeko sasoia omen zuela-eta, bi neska proposatu zizkioten andregaitzat. “Pakistanen ohikoa da ezkontzak gurasoek antolatzea. Haiek proposamena egiten dute, baina azken hitza ezkongaiena izaten da beti”. Hasieran zalantzan egon zen arren, bat aukeratu, eta ezkontza hitzartu zuten. Ez aurretik Urretxuko familiaren iritzia jakin gabe. “Josu anaiari eta Josune koinatari Kalsom Arsaden [emaztegaia] argazki bat bidali nien Pakistandik, erabakia hartu aurretik”, kontatu du. Urretxuko familia ezkontzan egotea oso garrantzitsua zen Omarrentzat, eta, horregatik, haien oporraldira egokitu zuen ezkontzako data. Hala, 2019ko abenduan ezkondu zen, Pakistanen.
Artista den aldetik, ezkontzara joan aurretik bidaia horrekin zer edo zer egin behar zuela erabaki zuen Marotok. “Marrazkia da nire espresio bidea, eta, horregatik, argi nuen esperientzia hura marraztu nahi nuela”. Horrela, Urretxuko kultur etxean erakusketa bat antolatzeko lekua eskatuta utzi zuen aurretik. “Nire burua behartzeko zen”.
Bidaiarako poltsa batean sartu zituen betiko marrazki koadernoa eta arkatzak. Argazkiak sakelakoarekin atera zituen, “artean begirada bitartekoak baino garrantzitsuagoa delako”. Turismorako Pakistan herrialde “zaila” den arren, “argazki ugari” atera zuen. “Paisaiak, kaleak… baina, batez ere, erretratuak”.
Etxera itzulita, ateratako argazki guztien artean bere arreta piztu zutenak aukeratu, eta marrazteari ekin zion Marotok. “Zuri-beltzeko marrazkiekin hasi nintzen, Bic boligrafoak erabilita”. Geroago, kolorea gehitu zien inpresoren teknika berbera erabilita: “Kolore urdina, gorria, horia eta beltza nahastuz”. Beste serie bat egin zuen ondoren, akuarelarekin. 30 bat marrazki ditu guztira; “gehienak, erretratuak”. Arteria Faktoriaren bekaren berri izan zuenean, “ia dena prest” zuen erakusketarako, baina proiektua koaderno formatuan gordeta edukitzea ideia polita iruditu zitzaion. “Azkeneko orduan aurkeztu nuen lana”, azaldu du.
Legeak bananduta
Bien bitartean, Omar Urretxura itzuli zen. Bakarrik. Haren emazte Kalsom Umair Euskal Herrira ekartzea zen hasierako ideia, baina Pakistango legeak ez du baimentzen hori. “Gutxienez hamar hilabeteko lan kontratu bat behar dut emaztea Pakistandik ekarri ahal izateko”, azaldu du Omarrek. Baikor dago, dena den: “Gure erlijioak dio ezin dela itxaropena galdu, nork bere burua hiltzea bezala delako hori”. Marotok, bere aldetik, “egoera salatzeko” baliatu nahi du bere lana. Maiatzean jarriko du erakusketa, Urretxun; Arteriarekin, berriz, liburu aurkezpenak egingo ditu udaberrian.