Inauteriak ospatzeko Miruren ikuskizuna izango da bihar Seguran
Miru ipuin kontalariak ikuskizun musikatua egingo du, Segurako frontoi zaharrean, udalak eta Haitz Lehor guraso elkarteak antolatuta. Mozorrotuta joateko deia egin dute.
Pandemia dela eta, Segurako Inauteria ospatzerik ez zuten izan herrian, baina bihar horren harirako emanaldia izango da Segurako frontoi zaharrean, 18:00etan hasita. Ikuskizun musikatua izango da, Miru ipuin kontalariaren eskutik. Ez da beharrezkoa izango izena ematea, eta nahi duenak mozorroa ere jantzi dezake. Segurako Udalak eta Haitz Lehor Guraso Elkarteak antolatutakoa da.
Miruren emanaldian inauterietako abestiak eta kontakizunak entzungo dituzte ikusleek, eta Euskal Herrian barrena ibiliko dira, alde batetik bestera, bertako inauterietako pertsonaiak ezagutuz: Zuberoako Maskaradak, Arizkungo Hartza, Mamoxorroak, Lantzeko Miel Otxin eta Ziripot, Iturengo eta Zubietako Joaldunak edota Mundakako Atorrak. Ordubeteko ikuskizuna izango da, eta abestiak eta dantza izango ditu ardatz. Musika pedagogia erabiliz, gorputzeko atalekin soinuak eta erritmoak sortzen erakutsiko die Miruk segurarrei. Haurrei eta gurasoei zuzendutakoa izango da.