Xabier Makazaga eta Ainhoa Barbarin presoak gerturatuko dituzte datozen egunetan
Makazaga segurarra Galizatik Kantabriara gerturatuko dute, eta Barbarin urretxuarra, Valentziatik Zaballako presondegira.
Euskal preso politikoak Euskal Herrira edo gertuagoko espetxeetara gerturatzeko aldaketek aurrera jarraitzen dute. Aste honetan, beste bost leku aldatzeren berri eman du Espainiako Espetxeetako Zuzendaritzak. Horien artean, bi goierritar daude, Xabier Makazaga segurarra, eta Ainhoa Barbarin urretxuarra.
Makazaga A Lamako (Galiza) espetxean dago egun, Seguratik 700 kilometrora. Ez dute Euskal Herrira ekarriko, baina bai gerturatu, El Dueso (Kantabriara) presondegira, etxetik 155 kilometrora. Gainera, Makazagari bigarren gradua emango diote.
Ainhoa Barbarin urretxuarra, berriz, Picassenten (Valentzia) dago egun, Urretxutik 600 kilometrora. Haren kasuan, Arabako Zaballa espetxera gerturatuko dute, jaioterritik apenas 100 kilometrora.
Leku aldaketak noiz egingo diren zehaztu ez badute ere, datozen egunetan izan litezkeela espero dute haien gertukoek.