Amaia eta Lide Erbina Europako txapeldun Espainiako selekzioarekin
Espainiako emakumezkoen errugbi selekzioak Europako txapeldunaren titulua lortu du Herbehereen aurka 87-0 irabazi ostean
Espainiako emakumezkoen errugbi selekzioak Europako txapeldunaren titulua lortu du zortzigarren aldiz atzo Herbehereen aurka lortutako garaipenari esker. Guadalajarako Pedro Escartín estadioan jokatutako partidan 87-0 irabazi zuen talde espainiarrak aurkariari garaipenerako aukerarik utzi gabe partida hasieratik amaieraraino. Espainiako selekzioko jokalarien artean egon ziren gaur egun Eibar taldean jokatzen duten Amaia eta Lide Erbina ahizpa ordiziarrak. Gazteenak, Lidek, entsegu bat egitea lortu zuen partidaren lehenengo zatian.
Atzo lortutako garaipenari esker guztira Europako zortzi titulu batzen dituzte dagoeneko, azken bostak jarraian lortu ostean. Atzokoa Herbehereen aurka jokatutako hamargarren partida izan zen taldearentzat eta hauetan guztietan garaile irten dira selekzioko neskak. Herbehereen aurka lortutako azken garaipen honi esker talde espainiarrak postu bat lortu du Zeelanda Berriko 2021eko Mundialean sartu ahal izateko jokatuko den sailkapen-txapelketan.