Amaitu da Iñaki Alvarez zumarragarrak Alex Txikonekin batera egindako espedizioa
Eguraldi txarrak hala behartuta, Iñaki Alvarez eta gainontzeko taldekideak etxera itzuli dira Manaslura egindako espedizioa amaitu gabe
Iñaki Alvarez alpinista zumarragarrak Manaslu mendira (8.163 metro) igotzeko espedizioa bukatutzat jo beharra izan du bere taldekideak izan diren Alex Txikon bizkaitarrarekin, Simone Moro italiarrarekin eta Chhepal eta Kalden Phura xerpekin batera.
Manaslu munduko zortzigarren mendi altuena da eta oraindik inork ez du igo negu betean (Maciej Berbeka eta Ryszard Gajewski poloniarrak neguan heldu ziren gailurrera, baina abendua hasieran ekin zioten). Beraien helburua Manaslu igo ondoren, zazpimilako altuenera joatea zen arren, mendizale taldeak atzo hasi eta gaur amaitu ditu kanpamentu nagusia jasotzeko lanak, Himalayan egoteko zeukaten baimenaren azken egunarekin bat etorriz.
Abenduaren 31an hasi zuten espedizioa amaitutzat jo dute eguraldi txarrak hala behartuta, Txikonek adierazi duenaren arabera oso gertu ibili diren arren: «Azkenean bertan behera utzi beharra izan dugu. eguraldi-iragarpenaren arabera baldintzak ez dira hobetuko datozen 10 egunetan, eta 10 egun horien ostean ere ez dakigu zer gertatuko den».