Porrot gogorra Ampo Ordiziarentzat
Errege Koparen txapelketatik kanpo geratu dira ordiziarrak SilverStorm taldearen aurka 37-23 galdu ostean.
Goierri osoko taldea Gaztelako lurretara joan da gaur eguerdiko 12:30ean Pepe Rojoko zelaietan SilverStorm El Salvadorren kontra aritzera, pandemiak atzeratuta Ohorezko Mailako Renfe Ligako lehen faseko hamargarren jardunaldiko partida jokatzeko hain zuzen ere.
Ordiziarrak Valladolid aldera «itxaropenez» eta «moral altuarekin» joan diren arren, gaurkoan punturik gabe eta Errege Koparen txapelketatik kanpo itzuli dira etxera SilverStorm taldearen aurka 37-23 galdu ostean, izan ere, ligako ohiko puntuez ez ezik Errege Koparen finalaurrekoan sartzeko ere balio zuen gaurko partidak.
Iñigo Marotiasen jokalariak denak emanda aritu diren arren, aurkariak gogor aritu dira defentsan eta aukera gutxi utzi dizkiete ordiziarrei. Gaurko porrotaren ondorioz aurretik zituzten 37 puntuak mantenduz hirugarren postutik laugarrenera jaitsi da Ampo Ordizia sailkapenean. Bigarren fasearen zozketa bihar egingo du Espainiako Errugbi Federazioak, 11:00etatik aurrera.