Beasaingo Udalak itxialdiko kalteak arintzeko laguntzak onartu ditu
Udalak 150.000 euro jarriko ditu; ostalaritza establezimendu bakoitzeko, gehienez, 3.000 euro. EH Bilduk aurka bozkatu du, nahikoak ez direla iritzita. EAJk eta PSE-EEk, alde
Beasaingo Udalak 150.000 euroko partida onartu du Beasain eremu gorrian egon zen bitartean ostalariek izandako galerak estaltzen laguntzeko. Abenduaren 13aren eta urtarrilaren 25aren bitartean, zehazki. Hilabete bakoitzeko eta langile kopuruaren arabera, horrela banatuko dira laguntzak: 1.000 euro langile bat, bi edo hiru dituzten aktibitateentzat; 1.200 euro lau, bost edo sei langile dituztenentzat; eta 1.400 euro 7 langile edo gehiago dituztenentzat. 3.000 eurokoa izango da establezimendu bakoitzeko emango den gehienezko kopurua. Eusko Jaurlaritzaren laguntzekin bateragarriak izango dira.
EH Bilduk proposamenaren aurka bozkatu zuen, laguntzak «exkaxak» direla argudiatuta. Sektorearen inguruko azterketa «sakona» eskatu zuten, laguntza gehigarriak eskaintzeko; PSE-EEk ere nabarmendu zuen ostalarien zailtasunak ez zirela abenduan hasi, baina aldeko botoa eman zuen. «Edozein laguntza positiboa da», esan zuen Eva Alvarez bozeramaileak. EAJk ere alde bozkatu zuen. «Udala ostalarien ordezkaritza batekin bildu da eta diru laguntza zuzenak eskatu zizkiguten, beraien aparteko egoera kontuan hartuta. Forman badago adostasuna, zenbatekoan egon daiteke eztabaida. Diru laguntzen eskaera bermatu da», defendatu zen Leire Artola alkatea.
Ostalariak protestan izan ziren plazan osoko bilkura egiten ari ziren bitartean. Kioskoa kandelekin inguratu zuten eta Ostalaritza aurrera zioen pankartaren aurrean lore sorta bat utzi zuten, hileta bat eszenifikatzeko. Azken 12 hilabeteetatik 4 itxita egin behar izan dituzte, Jaurlaritzak ala aginduta edo Beasain eremu gorrian zegoelako.
Lokalak, merkataritzara
Lokal hutsak merkataritza jardueretara bideratzeko laguntzen inguruko proposamenari ere oniritzia eman zioten. Hiru diru laguntza lerro dira: hutsik dauden lokalak alokatzeko edo erosteko eta negozioa eskualdatzeko. Errentaren kasuan, udalak lehen urtean kuotaren %50a hartuko du bere gain, 300 eurora arte; bigarrengoan eta hirugarrengoan, %40a, 200 eurora arte. Salerosketen kasuan, berriz, katastroko balioaren %4a hartuko du bere gain, gehienez ere 2.000 eurora arte. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bildu abstenitu egin zen.
Udalak iaz ere atera zituen laguntza horiek. Artolak aipatu zuen lau eskaera jaso zituztela eta 10.000 bat euro bideratu zituztela.
Merkataritzan, euskararen erabilera indartu eta nabarmentzeko saltokietako eta jardueretako errotuluetan, irudi koporatiboetan eta web-orrietan euskara erabiltzeko laguntzak ere onartu zituzten, aho batez. Iaz zazpi eskaera jaso zituen udalak.
2021eko soldata %0,9 igotzea adostu dute
Udaleko langileen 2021eko soldata %0,9 igotzea adostu dute, estatuko aurrekontuek ahalbideratzen duten igoerarik handiena. EH Bilduk hala eskatuta funtzionarioen eta politikarien asignazioak banatuta bozkatu zituzten: lehendabizikoa aho-batez onartu zuten; bigarrengoan, EH Bilduk aurka bozkatuzuen. «Beti azaldu gara Beasaingo Udalean dugun gastu politikoaren aurka. Iruditzen zaigu koherentea dela orain arte izan dugun jarrerarekin lehendik ere altuak diren designazioen igoeraren aurka bozkatzea».