Seguran, inauteriak azkenean!
Pandemiagatik atzeratutako jaialdia asteburuan ospatu dute Baratzen. Miru ipuin kontalariak inauterietako kontakizunak eta musika partekatu ditu herriko txikienekin

Larunbat arratsaldean aste batzuk atzera egin zuten Segurako kaleetan, eta otsailaren hasieran pandemiak eragindako egoera ilunagatik ospatu ezin izan zituzten inauteriei aukera berri bat eman zieten. Udalak eta Haitz Lehor Guraso Elkarteak antolatuta, Miru ipuin kontalariak gidatutako inauteri festa ospatu zuten herriko txikienek eta haien familiek.
Hasiera batean hitzordua plaza ondoko pilotaleku zaharrean egin bazuten ere, hotz egiten zuela-eta, Baratze pilotalekura aldatu zuten ikuskizuna. Antolatzaileek egindako deialdiari erantzunez, familia ugari hurbildu ziren bertara, txikienek mozorroak gainean zituztela gainera. Ikusleak txintxo-txintxo eta beharrezko segurtasun neurri guztiak betez, harmailetan jarri ziren; pilota kantxa Mirurentzako eta bere laguntzailearentzako izan ziren. Handik gidatu zuten inauterietako kontakizunak, musika eta dantzak ardatz zituen ikuskizun alaia.
Miruren emanaldian inauterietako abestiak eta kontakizunak entzun zituzten ikusleek, eta Euskal Herrian barrena ibili ziren, alde batetik bestera, bertako inauterietako pertsonaiak ezagutuz: Zuberoako Maskaradak, Arizkungo Hartza, Mamoxorroak, Lantzeko Miel Otxin eta Ziripot, Iturengo eta Zubietako Joaldunak, Mundakako Atorrak… Ordubeteko ikuskizuna izan zen eta ederki gozatu zuten ikusleek. Musika pedagogia erabiliz, gorputzeko atalekin soinuak eta erritmoak sortzen ere erakutsi zien Miruk segurar txikiei eta haien familiakoei. Eta dantza ere egin zuten, baina beste modu batera, segurtasun neurriengatik harmailetatik ezin baitziren mugitu ikusleak.