85 eta 84 urterekin, egunero mendira
Inazio Iraeta eta Mari Karmen Sarasua senar-emazte urretxuarrek 85 eta 84 urte dituzte. Oso mendizaleak dira eta egunero joaten dira mendira. Beraien adinkide guztiak kirola egitera animatzen dituzte.
Inazio Iraeta eta Mari Karmen Sarasua senar-emazte urretxuarrak mendizaletasun eta bizipoz eredu dira. 85 eta 84 urterekin egunero mendira joaten dira eta beraien adinkideei ariketa fisikoa egiteari ez uzteko gomendatzen diete.
Iraetak 37 urte eman zituen Ayma enpresan lanean. Duela 23 urte hartu zuen erretiroa. Sarasuak bere familiaren Toki Alai tabernan lan egin zuen. Taberna hau Gernikako Arbola plazan zegoen, Goierri elkartearen azpian. Ondoren, Orbegozo enpresaren ekonomatoan lan egin zuen, ezkondu ziren arte. Tabernan ezagutu zuten elkar, 21 eta 19 urterekin.
Beti izan dira mendizaleak. Batez ere, Sarasua. «Bi alaba ditugu. 30 bat urte nituenean, alabak ikastolara bidali ondoren, Irimora joaten nintzen eta Zazpi Puntak egiten nituen. Ia egunero». Mendian asko ibilitakoa da. «Behin, sanjoanetako bederatziurrenaren ondoren, lagun batekin Elosuraino joan nintzen. Ondoren, Zazpi Puntak egin genituen. 11:00etarako etxean geunden!».
Asteburuan senarrarekin eta alabekin joaten zen. «Mendi askotan egon gara: Anboto, Urbia, Aizkorri, Degurixa, Kurutzebarri, Txindoki… Balerdi mendiko oso oroitzapen txarra dut. Egun haizetsu batean joan ginen eta larri ibili nintzen. Ez naiz itzuli». Euskal Herritik kanpo ere ibili dira. «Duela lau urte Ordesan egon ginen. Ehiztarien bidea egin genuen. Bista ikusgarria da, baina jaitsiera arriskutsu samarra».
Alabei zaletasuna transmititu zieten eta bilobak ere mendizaleak dira. «Denoi gustatzen zaigu ibiltzea. Alabetako bat Bartzelonan bizi da eta etortzen denean mendira joaten gara».
Samiñora, Izazpira, Irimora… joaten dira. «Egunero joaten gara mendira. Baita euria egiten duenean ere». Inaziok euria egiten duenean ez zaiola mendira joatea gustatzen dio, baina Mari Karmenek oso gutxitan kale egiten duela gogoratzen du. «Atzo Meakan egon ginen, San Kristobalera askotan joaten gara eta handik Leturiondora jaisten gara, Osinalde baserri aldera ere sarritan joaten gara… 8-10 kilometro egiten ditugu. Udan gehiago egiten ditut. Arratsaldean berriro ateratzen naiz eta beste lau kilometro egiten ditut», dio Mari Karmenek.
Mendiak bizia ematen diela gehitu du. «Kalean ezin naiz asko egon. Hainbeste txorakeria entzuten dira… Hori bai, noizean behin lagunekin kafe bat hartzea gustatzen zait». Senarrak ez direla taberna zaleak gehitu du.
Gehien gustatzen zaien mendia Urbia da. «Duela urtebete egon ginen azkenekoz. Senarrak hurrengoan Aizkorrira igo behar garela esan zuen, baina nik agur Aizkorri erantzun nion. Burua bere tokian eduki behar da. Kontuz ibili behar da. Bizitzan etapa ezberdinak daude eta norberak zein etapatan dagoen jakitea oso garrantzitsua da. Dagoeneko ezin ditugu lehen egiten genituen gauza batzuk egin, baina oso pozik bizi gara. Zorionekoak gara».
Iraetari perretxiko bila joatea ere asko gustatzen zaio eta Sarasua Goiargiko eta Urretxuko parrokiako abesbatzako kidea izan zen. «Senarrak apur bat gelditzeko esaten zidan, ni ikuste hutsarekin nekatu egiten zela. Aktiboa naiz. Beti denetara heldu banaiz, oso antolatua naizelako da. Antolaketari eta aktiboa izateari garrantzi handia ematen diogu biok».
Iraetak bere emazteari fundamentua familiaren tabernan lan egin zuenetik datorkiola dio. «14 urterekin jada barraren ardura zuen. Izan ere, aitak kanpoan lan egiten zuen eta amak tabernako sukaldean. Larunbat arratsaldetan eta igandetan, taberna beteta egoten zen».
Bidaiariak ere bai
Gogor lan egin zuten, baina erretiroa hartu ondoren mendian nahi bezainbeste ibiltzeko eta bidaiatzeko aukera eduki dute. Europako herrialde gehienetan egon dira: Finlandiaraino heldu dira. Amerikari dagokionez, Mexikon, Amerikako Estatu Batuetan eta Kanadan egon dira.
Dabilen harriari ez zaiola goroldiorik lotzen esaten dute eta bikote honi ez zaio ez goroldiorik lotuko… «Garai batean ez zen batere ohikoa emakume bat ia egunero mendira joatea. Niri mesede egiten zidan, ordea. Egun emakume asko joaten dira egunero paseatzera eta asko pozten naiz», amaitu du Sarasuak.