Beste urrats bat emakumeen lan isila berreskuratzeko
'Hariz hari sorgindu hadi!' unitate didaktikoaren sorrerarako lanketa saioa egingo dute gaur Segurako Danon Gelan, 17:30ean. Aurten osatu eta 2022rako erabilgarri izatea aurreikusi dute
Hariz hari sorgindu hadi proiektuari jarraipena emateko beste pauso bat emango dute gaur Seguran. Iazko urtarrilean jarri zuten martxan proiektua: herriko historian garrantzitsuak izan diren hainbat emakumeren bizipenak berreskuratu zituzten eta ibilbide turistiko pedagogiko bat sortu zuten Segurako Udalak eta Farapik elkarlanean, Segurako bederatzi gunetan informazio panelak jarrita. Abenduan, berriz, ibilbideko materialari balioa eman eta zabaltzeko, bigarren faseari ekin zioten: Laiotz Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako ikasleentzako unitate didaktiko bat sortzeko lanetan hasi ziren. Gaur, bigarren fase horren bigarren saioa egingo dute Danon Gelan, 17:30ean, abenduko saioan ondorioztatutakoaren lanketa egiteko.
Unitate didaktikoa aurten osatu eta 2022rako erabilgarri izatea aurreikusi dute. 5 eta 12 urte bitarteko ikasleentzako izango da, eta emakumeen lan isila berreskuratu eta aitortzearekin batera, gazteentzako erreferenteak sortuko dituzte. Herriko emakume horien bizipenek gaurkotasun handia dute nahiz eta antzinakoak izan: besteak beste, amatasuna, emakumea eta kirola, emakumea eta lan mundua edo lan produktibo eta erreproduktiboaren inguruko lanketa da.
Ahalduntze prozesua
Helburu nagusia unitate didaktiko horren dokumentu fisikoa sortzea izango bada ere, zeharkako helburuek garrantzia bera izango dute. Proiektua eratzearekin batera, herriko emakumeen arteko ahalduntze prozesua landu eta saretze bat sortzea izango da xedea. Hori dela eta, elkarren arteko harremana hobeto lantzeko, aurrez aurreko saioak lehenetsiko dituzte. Herriko emakumeak gaurko saioan parte hartu eta ekarpenak egitera animatu dituzte.