Errealitatea desitxuratzea egotzi dio Naturkonek EAJko Aldasorori
Naturkon elkarte ekologisten kolektiboak dio azken epaiarekin ez dela auzia bukatu, eta Aitor Aldasorori «errealitatea desitxuratzeko bistako ahalegina» egin izana leporatu dio.
Gipuzkoako 16 elkarte ekologista biltzen diren Naturkon kolektiboak Aralarko pisten aferaren behin-behineko artxibatzeaz iritzia plazaratu du. Auzia ez dela bukatu dio. Beasaingo alkate ohi eta Enirio-Aralarko Mankomunitateko ordezkari izandako Aitor Aldasorok esandakoak ere kritikatu ditu, haren gutunaren harira. EAJko kargudunek «errealitatea desitxuratzeko bistako ahalegina» egin dutela deitoratu du Naturkonek: «Mankomutitateko mahaira biltzen diren abeltzainen ustezko ordezkariek Aralar euren mesedera kudeatuko duten arduradun politikoak nahi dituzte. Mahaiko EAJren ordezkariek, berriz, ez dute nahi Aralarko larreen erabilera arautuko duen legedirik, eta are gutxiago, onartuta daudenak kontrolatuko dituenik». Interes publikoari muzin egitea egotzi die.
Kolektibo ekologistaren aburuz, Aralarko larreen kudeaketa «noren edo zeren mesedetan» egiten den da auziaren gakoa. Naturaren kontserbazioaren aldetik, eskaera bat egin du: «Oinarri zientifikoak dituen kudeaketa-eredua legez arautu eta administrazioaren baliabideekin zaintzea».
«Kudeaketa-eredu horren helburu nagusiak hauxe izan behar du: parke naturala izanik, bertako ondare naturala (besteak beste, larreen kalitate ekologikoa) zaindu edota berreskuratzea», gehitu du Naturkonek. Pisten auziaren jatorrian «abeltzaintza eredua» dagoela dio. «Ez da gainerako eremu publikoekiko ezberdina, osagarria baizik: larreak interes pribatuaren mesedetan, ingurumen-kalteak neurtu gabe eta bestelako erabilerarik planteatu ere egin gabeko kudeatzea lehenesten dute. Naturaren kontserbazioarekiko erabateko mespretxua erakusten dute».