Hilabete osorako egitaraua dakar Martxoaren 8ak
Martxoaren 8ak hilabete osoa hartuko du Beasainen. Gaur arratsaldean hasiko dira ekitaldiak, Goieniz zine klubaren emanaldiarekin. Martxoaren 30ean Kristina Galarragak itxiko du hilabetea, Asmubeko emakumeekin batera.
«Martxoak 8 desberdina izango dugu aurreko urteetakoarekin alderatuta», aipatu du Amets Arrospide Beasaingo Udaleko berdintasun zinegotziak. «Egitarauak hiru ardatz izango ditu: memoria historikoa, identitate generoarekin zerikusia izango duten ekintzak eta herriko emakumeen ahalduntzea. Hor, dokumentalak izango ditugu, herriko emakume batek idatzitako liburuaren aurkezpena, lehen aldiz Zinegoak jaialdiko filmak ikusi ahalko dira…»
Ixabel Olano plaza
Asteartean egin zuten aurtengo egitarauaren aurkezpena, Ixabel Olano plazan. Propio aukeratutako lekua izan da, «Ixabel beasaindarrentzat emakume esanguratsua» izan zelako, Leire Artola alkatearen hitzetan. Ikastolako lehen andereñoa izan zen Olano. Plazari izen hori ematea udalbatzak erabaki zuen 2017ko urrian.
«Udal gobernu bezala gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerantz eman beharreko pausoak egiteko konpromisoa hartzen dugu», nabarmendu zuen. Atzean Asmube eta Oriako Lamiak elkarteetako kideen konpainia izan zuen.