Idiazabal Jatorri Izendapenak Uztarrozen ibilbidea eskertu du
Juan Mari Uztarrozek jatorri izendapenaren lehendakaritza utziko du, 17 urteko ibilbidearen ondoren. Felix Ajuriak hartuko du haren lekua.
Aldaketa garaia dator Idiazabal Jatorri Izendapenean. Hamazazpi urteko ibilbidearen ondoren, Juan Mari Uztarrozek izendapenaren lehendakaritza utziko baitu. Elkarteak, Uztarrozek urte horietan guztietan egindako lana eskertu nahi izan du.
Uztarrozek berak bidalitako gutunean, “izendapenaren defentsaren alde lan egitea ohorea” izan dela dio, era berean, “artzainen eta gaztandegien alde eta gure arbasoen bitxi gastronomiko honen ezaugarrien mantenuaren alde” aritzeko aukera ere izan baitu. “Urte hauetan guztietan nigan jarritako konfidantza, nire lanaren irrikaz itzultzen saiatu naiz eta gure herriaren mamia eta sakontasuna irudikatzen duen izendapenaren parte izatearekin biziki gozatu dut”. Hain zuzen ere, izendapen horrekin “betirako hertsiki lotuta” jarraituko duela azaldu du.
Ondorengoa lotuta
Uztarrozek jatorri izendapenaren lehendakaritzan utzitako lekua Felix Ajuriak, orain arte lehendakari orde zenak, hartuko du. “Lasai” joan daitekeela dio Uztarrozek, elkartearen gidaritza esku onetan uzten duelako. Emandako “laguntza eta elkartasuna” ere eskertu nahi izan ditu uhartearrak, eta orain elkartzea ezinezkoa bada ere, “laster aurrez aurre” agurtzeko aukera izatea espero duela esanez bukatu du idatzia.