Jabekuntza eskola martxan da
Ordiziako Jabekuntza Eskola errealitatea da aste honetatik. Torrean izango du egoitza nagusia. Emakumeentzako espazio segurua izango da
Martxoaren 8aren atarian, Ordiziako Udalak berdintasunaren aldeko urrats bat gehiago eman du. Izan ere, atzo inauguratu zen Jabekuntza Eskola. Herriko emakume guztiei zuzendutako espazioa da, adin, klase, arraza, sinismen, aukera sexual edo errealitate ezberdinak dituzten emakume ordiziarren elkargunea. Espazio honetan antolatuko diren hainbat ekintzen bidez, emakumeek euren ezagutzak elkarbanatuko dituzte. Helburua da, espazio seguruak sortu eta hausnarketa, eztabaida, eraldaketa eta ahalduntzea sustatzea. Esan bezala, atzo arratsaldean ireki zituzten ateak, eta Bea Egizabal clownaren emanaldiarekin egin zuten.
Espazio horren aurkezpenean izan ziren Ordiziako Udaleko ordezkariak eta baita berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen alde lanean diharduten tokiko eragile desberdinak ere. Ainhoa Jimenez Berdintasun zinegotziak hala azaldu zuen: «Ordiziako Udaletik konpromiso sendoa daukagu gizartean gizon eta emakumeen arteko ezberditasunak ezabatuko dituen politiken sustapenean». Horretarako ildo estrategiko ezberdinen lanketan dihardu udalak.
«Jabekuntza Eskola herriko emakume guztiontzat zabalik egongo den gune segurua izatea nahi dugu. Emakumeok sortu eta diseinatua eta emakumeok dinamizatu eta egituratuko duguna. Ez da ikasketa gune soil bat, hori baino askoz gehiago da, emakumeok pairatzen ditugun desoreka sozialen kontzientzia hartzeko gunea da, hartu-emanerako gune bat, non emakumeok ahalduntzeko tresnak geureganatzeko, esperientziak trukatzeko bide ezberdinak proposatuko diren», gehitu zuen aurkezpenean zinegotziak.
«Ilusio handiz» aurkezten dute proiektua, berdintasunaren bidean gune hau «ezinbestekotzat» jotzen baita, eta «gure herriko errealitatera egokitutako programa zabala gauzatu da horregatik». Proiektuaren diseinu eta garapenean aholkularitza profesionala jaso dute eta Eihera kooperatibako Kattalin Miner eta Laura Muelasekin diseinatutako programazioa sortu dute. Aurrerantzean ere, eurak izango dira Jabekuntza eskolako aholkularitza lanak egingo dituztenak.
Espazio fisikoa
Jabekuntza Eskolak espazio fisiko bat ere izango du, emakumeon elkargune izango dena. Torrea eraikinean kokatzen da, eta sarrera Juan de Amezketatik izango du.
Martxoan hasi eta irailera arte ekintza aukera anitza antolatu dute Jabekuntza Eskolatik. Saio guztiek edukiera mugatua izango dute, eta 18:00etan egingo dira, D’elikatuz zentroan. Solasaldiak, hitzaldiak, tailerrak,… denetik izango da. Berdintasun zinegotziak «Ordiziako emakume guztiak ekimenarekin bat egitera gonbidatu» ditu. «Zona segurua izango da berdintasunaren gaiak askatasun osoz landu ahal izateko».
Ekintza hauek guztiak antolatzeko garaian, duela hilabete batzuk herriko emakumeekin burututako bilera ireki batean jasotako proposamenetatik abiatu direla zehaztu du Jimenezek. «Eiherarekin elkarlanean, Ordiziarako sortutako ekintzak eskaintzen saiatu gara, gure herriko errealitatera egokitutakoak eta gure herriko emakumeon interes eta eskaerak lehen mailan jarriz».
‘Amek ez dute’ liburuaren solasaldia
Ordiziako Jabekuntza Eskolan egitarau oparoa izango dute hurrengo hilabeteetan. Horien artean hurrengoa, Katixa Agirre idazlearekin, Amek ez dute liburuaren inguruko solasaldia izango da. Liburuaz ez ezik, amatasunaren inguruan eta amatasuna bizitzeko era ezberdinen inguruan ere hitz egingo dute. Martxoaren 12an izango da, D’Elikatuz zentroan, 18:00etatik aurrera. Parte hartzeko izena ematea komeni da: 688 822 329 edo jabekuntzaeskola@ordizia.eus.