"Mina, ikusgarri eta ukigarri"
Irati Goikoetxeak 'Herriak ez du barkatuko' eleberria aurkeztu du. Minaz hitz egiteko tresna izatea nahi duela aipatu du idazleak. Igartza Sariari esker ekoitzia izan da
Irati Goikoetxeak, 2019ko Igartza Literatura Bekaren irabazleak, ‘Herriak ez du barkatuko’ eleberria aurkeztu du. “Mina ikusgarri eta ukigarri egiteko ahalegin bat da”, deskribatu du idazleak. “Eta, proposamen bat. Hitz egin dezagun minaz, terrorismoak, indarkeriak, giza eskubideen urraketek modu bidegabean eta ankerrean eta gaitzesgarrian eta onartezinean… eragindako minaz”, gaineratu du. “Saiatu naiz mina marrazten, forma ematen”.
Liburuak hiru zati ditu. “Edo esango nuke, bi zati eta gehigarri bat”. Hasiera hasieran liburuaren korapiloa kokatu du: Ohianaren aitaren hilketa, ETAren atentatu batean. “Gainerako narrazioa korapilo horren hari solteak dira, josi ezean gaiztotu egin daitezken hariak: bakardadea, abandonua, indiferentzia, hutsunea, ahaztura, elkarbizitza…”. Atentatutik 22 urte pasa diren arren, zauria zabalik dago oraindik eta Ohianak ez du horretaz inorekin hitz egiten; seme-alabei ere ez die ezer argirik kontatu. Ezustean, biktima ezberdinen lekukotasunak jasotzen dabilen antropologo baten deia jasoko du, ea berarekin bildu nahi duen. “Bahitua izan duen min edo sufrimendu hori askatzera behartua sentituko da”.
Goikoetxeak aitortu du gai “iluna, beltza, gogorra” dela, baina idazten “oso ondo” sentitu dela, “gozo”. “Argitasun handiko liburua da. Edertasuna ere toki bila dabil. Minari forma ematen saiatu naizen bezala edertasunari ere forma eman diot, sinisten dudalako oso ederrak garela. Baina edertasun hori jarrera aktibo baten bidez landu behar da”. Hirugarren pertsonan idatzi du. “Baina Ohianaren oso oso ondotik aritu naiz. Eta gustatuko litzaidake irakurleak ere hurbiltasun horretatik irakurtzea. Uste dut hori dela mina ukitzeko modu bakarra, ulertzekoa, enpatizatzekoa. Kasu honetan irakurketa entzute aktiboa bihurtzea gustatuko litzaidake”. “Ez jarri Ohianaren tokian, izan zaitez Ohiana”.
Izenekin jolasean ibili da. “Oroitze ariketa batean oso garrantzitsua da biktima guztiek bere izen abizenak izatea. Izenaren bidez izana oroitzea”. Ohianaren izena propio egindako aukeraketa da. “Miren, Edurne, Jurgi, Lucio edo Karmen izan zitekeen, baina nahita aukeratu dut Ohianari espazio hori ematea. ETA, GAL, poliziaren hilketak, mehatxuak, torturak… guztiek dute pisu bera, min guztiak ari dira berdinetik berdinera, elkarri begira”. Bere aita da Izena ez duen pertsonaia bakarra. “Kasu honetan erabaki dut izenik ez jartzea nahiko nukeelako Ohianaren aita gure aita izatea, belaunaldi berrien aitona. Sinetsita nago biktimek gizartearenak izan behar dutela”.
Gustura gelditu da emaitzarekin. “Irakurri duenetako baten aipatu dit amaitu ostean Ilunabarra ikusteko beharra zuela. Polita da liburu batek eragitea. Hori lortzen badu, pozik”. Eragitea eta eraikitzea. “Hutsuneak estali gabe, aztertuz, haserre mendiak eskalatzera datorren liburu bat dela ere esan didate. Eraiki ditzala bide berrien proposamenak”.
Esker oneko hitzak
Goikoetxeak eskerrak eman dizkie Josu Penades lehen irakurleari, Irune Izquierdo ilustratzaileari eta Ekaitz Goikoetxea “anai eta lagunari”, “beti hor egoteagatik”. Elkarrentzat, CAFentzat eta Beasaingo Udalarentzat ere esker oneko hitzak izan ditu Igartza Literatura Beka sustatzeagatik. “Oso aukera ederra da literaturaren mundu honetan lehen pausoak emateko”. Euskaraz idatzi nahi duten idazle gazte guztiak animatu ditu Igartza Literatura Bekan parte hartzera.
Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak gaineratu du Goikoetxea “kulturan aritua eta aditua” dela, “badela nor”, baina “Igartza Sariari esker salto bat aurrera” eman duela. Joxe Begirastain CAFeko euskara arduradunak eta Leire Artola Beasaingo alkateak ere zoriondu dute.