Udaberri gustua dakar gazta berriak
Martxoko lehen azoka ilbeheran izan da eta tipula landarea erostera jende erakarri du Ordiziako Azokak. Bestalde, ardi gazta berria salgai dute gazta postu guztietan.
Produktu berrien «zain egotearen xarma»garaian garaikoa jan zaleak eta sukaldari askok aipatu izan dutena. Urte guztian aukeran izan da ere, produktu askorekin hala joka genezake. Izan ere tokian tokikoan, garaian garaikoak eta gainera tentuz eta mimoz egina eta zaindua bada horrek ez du parekorik. Hala da ardi gaztaren kasuan ere. Artzainak behin arkumeak kendu eta esnearekin gazta egiten hasi ohi dira gehienak abendutik aurrera.
Bi hilabete behar ditu ontzen saltzera atera aurretik. Epe hori pasatuta aukera zabala da Ordiziako azokan, gazta saltzen duten postu guztietan aurki daiteke ardi gazta berria 18-19 euroan kiloa. Zaharra ere askorentzat beti da erakargarri, 18-24 euro artean kiloa salgai da. Jatorriari dagokionez Urbasa, Aralar, Urbiako gaztak dira batez ere. Baita Zuberoko bortuetan ibili ohi diren ardi esnearekin eginak ere. Batzuk Idiazabal Jatorri izendapena dute, beste batzuk ziurtagiri hori ez badute ere, latxa ardi esne gordinarekin eta gainerako baldintza guztiak betez eginak, edozein gazta zaleren gustua asetzeko adina aukera bada. Behi eta ahuntz esnearekin egindakoek ere hautan.
Barazkiak eta frutak
Udaberriko aza edo errepoilo esanez ezagutzen dena, bakoitza euroan du salgai Arantxa Lopetegik. Ilarra Dorian motakoa Montesenekoen postuan 10 euroan kiloa, leka eta guzti.
Aldiz, ia oso sagar gutxi atzo bi mota besterik ez (Idiazabalgo Kalbariokoak) etxekoa eta erreineta grisa Arantxa Zurutuzaren postuan 2,8 euroan kiloa. Ez zen 2020a sagar urtea izan.
Landareetan tipula nagusi
Urteko tipula buruzabal gorri eta zuria izan ziren atzo eskatuenak. Martxoko ilbehera izaten da aldatzeko onena eta horien bila propio etorri zen hainbat bezero, 3-3,5 euroan zientoa.
Negutegian aldatzea gomendatua bada ere oraindik, jadanik kuiatxoak eta joan zen astean hasi zen tomate landareak salgai dira.
Bestalde, azken hilabeteetako kokapenaren arabera, hazitako patata nahi duenak beheko arboladira sartu eta laster aurkituko du Jabier Lacalleren postua. Ekologikoa ziurtagiria duen ereiteko patata, spunta, monalisa eta agria 1,5 euroan kiloa Sindikatoan salgai da.