Igone Campos, munduko txapelketan lehen hamarretan sartzetik gertu
Igoera bertikalean, atzetik aurrera joan da eta hamaikagarren postuan sailkatu da.
Igone Campos eskiatzaile zumarragarra Andorran jokatzen ari den munduko txapelketan parte hartzen ari da. Atzo igoera bertikalean parte hartu zuen. Probak hiru kilometro eta erdiko luzera eta 720 metroko desnibel positiboa zuen. Camposek atzetik aurrera egin zuen eta lehen hamarren artean sartzea lortu zuen ia: hamaikagarren postuan sailkatu zen. Garailea Axelle Mollaret frantziarra izan zen.
Campos gustura ageri zen. “Uste baino hobeto joan da dena. Ibilbidea bikain ezagutzen nuen, eta albokoen aholkuei kasu egin diet. Buruarekin irten behar nuela esan didate, eta horretan saiatu naiz. Banekien oso ibilbide luzea zela, eta ibilbidean zehar indarrak neurtu behar nituela. Buruarekin jokatu dut, eta indarrarekin ikusi dut neure burua. Gustura nago lortutako emaitzarekin”.