‘Lamiak eta lloronak’, herrien aniztasuna biltzen duen erakusketa
Herrialde desberdinetako kondairak irudikatzen dituzten margolanak biltzen ditu. ’Ongi etorri eskolara’ ekimenean garatu dute, udalaren laguntzarekin
Lamiak eta Lloronak kulturarteko erakusketa ikusgai dago Ordiziako Barrena Kultur Etxean. Erakusketa hori, Ongi etorri eskolara proiektuaren barruan kokatzen da eta Ordiziako Udalarekin elkarlanean gauzatu dute.
Astelehenetik zabalik dago publikoarentzat eta hala azaldu zuen Dorleta Mikeo Ongi etorri eskolara ekimeneko ordezkariak erakusketaren irekieran: «Lamiak eta Lloronak erakusketan hainbat margolarik egindako lanak jasotzen dira. Margolanak, jatorri anitzetako ordiziarrek eta beste herri batzuetakoek kontatu dituzten kondairetatik abiatzen dira, hau da, kondaira horiek irudikatu dituzte».
Margolarien eta jatorri ezberdinetako bizilagunen arteko elkarrizketetatik abiatzen dira erakusketan ikus daitezkeen lanak. Elkarrizketak, «modu sinbolikoan, kulturen arteko hartu-emanaren, ezagutzaren eta aitortzaren adibide dira; eta helburu dute kultur aniztasuna eta kulturarteko harremanak ikusaraztea eta balioestea, artearen bidez bizikidetzarako zubiak eraikiz».
«Emaitza ikusgarria»
Inaugurazioan izan ziren erakusketan parte hartu duten bi artista, Modinal Esogie eta Chari Campano. Bientzako lehen aldia da kondaira batetik abiatuta margolan bat egiten dutela, eta erakusketa ikusita «emaitzaikusgarria» da. Biak hala biak «oso pozik» daude proiektuanparte hartzeagatik.
Erakusketan, Nikaragua, Euskal Herria, Errumania, Kolonbia, Nigeria, Maroko eta Senegalgo kondairak edo pertsonaia mitologikoetan inspiratutako lanak aurki daitezke. Eta QR baten bidez, kondairak hainbat hizkuntzatan entzun eta artistak eta narratzaileak ezagutu ahal izango dira. Erakusketa hau, martxoaren 15era bitartean egongo da ikusgai, astelehenetikostiralera, 09:00tatik 13:00etaraeta, 16:30tatik 20:00tara