«Motor usaina behar dut, karrera egun batek lasaitu egiten nau»
Ezin izango du igandean herriko rallyesprinta jokatu Eñaut Igartzabalek (Gabiria, 1978), pandemiagatik datarik gabe atzeratu dutelako. Urtea ere kolokan ikusten du gidariak.
Noiz hasi zinen auto lasterketetan parte hartzen?
Lehenengo lur gaineko rallyetanibili ginen Arnedon, Errioxan, 2006-2007an hasita. Joseba Azpiazu ezkiotarraren Golf zaharra hartu nuen. Aurreneko karrera Zegamako Eneko Iraolarekin egin nuen, eta lehenengo txandan irauli egin genuen. Konpondu, eta autokrosean hasi ginen. Kotxe hark denei beldurra ematen zielako uste dut sailkatzen ginela bastante aurrean…
Asfalto-errepideetara igarotzea izan zen hurrengo pausoa?
2008an hasi ginen asfaltoan. Golf II bat ekarri eta prestatu genuen; aurrekoa Golf I zen. Eboluzionatzen beti [barreak]. Ekaitz Igartzabal lehengusua hasi zen kopilotu, eta urte batzuk harekin egin nituen. Oso diferenteak dira lur gaineko rallyak eta asfaltokoak. Gaizki ikasteko igual da lurrekoa, gehienetan hautsontziak hustuta etortzen ginen behintzat eta.
Mota horretako autoekin ibilizara, baina BMWarekin ere bai.
Bai, baina BMWarekin karrera gutxi egin nituen, atzeko trakzioarekin moldatzeko orduak sartu behar dira eta. Orduak sartzeko astia behar da, eta guk astirik ez. Entrenatzeko, ibili egin behar da errepidean. Jendea Mirandara zirkuitura joaten da. Ni pare batean joango nintzen, eta bi aldiz ibilita ezin da ezer lortu.
Nola moldatu zinen asfaltora?
Golfarekin urte bat egin nuen. Aurreneko denboraldia Gabirian hasi genuen, eta Urrakin azkeneko karreran errekorra egin nuen: igoera berean bi aldiz irauli, hirugarren txandan. Han bukatu zuen kotxeak. 2009rako Ibiza bat jarri genuen. Ekaitzek utzi zuen, eta ni ere aldi batean korritu gabe egon nintzen. Patxi Agirre mutiloarra hasi zen gero, eta hura dut orain laguntzaile fidela.
Orain daukazun Ibiza horiak zer ezaugarri ditu?
Iñigo Alustizari erosi genion, eta hemen gabiltza harrezkero. Oviedokoa da. Seat etxeak berak prestatutako kotxe ofiziala da. Autoa fidagarria da, estabilitate ona du, eta gorantz bizkor ibiltzen da. Ez du motor handia, baina zapalduz gero ibiltzen da. Gero, noski, gu bezalako bi giza-seme barruan sartuta, emate ndu esku frenua emanda goazela.
Gabirian zen hastekoa igandean denboraldia, baina atzeratu egin dute. Zer asmo aurtengo?
Ez dakigu ezer. Ikusi genuenean aurten ere zer datorren, erabaki dugu oraindik behintzat federazioaren lizentziarik ez ateratzea. Lehengo urtean bezala bi karrera korritzeko, ez du merezi. Ikusten badugu martxan hasiko dela, aterako dugu. Baina aurten ez dut uste itxurazko egutegirik osatuko denik, eta erdipurdizka ibiltzeko, hobe geldi egotea.
Bigarren urtea da jada halakoa. Iaz Gabirian Rallyesprinta jokatu, eta gero ia dena erori zen.
Denak. Gabirian irten ginen, eta hurrena Goilurrak Rallya egin zen. Hori ere korritu eta bukatu genuen. Matxurarekin, baina bukatu genuen urtea, eta horrel asegitzen dugu.
Hainbeste urtean jarraitzeak jada badu lana. Orain gehiago?
Bai. Hemen gabiltza, denbora gutxi daukagun arren. Oraindik segitzeko ideia daukagu. Bi ume eta andrea badauzkagu baina… Denbora faltaz gain, buruaren lanak ere hasten dira. Askotan etortzen zaizu, martxan zoazenean, bakarrik ez zauden sentipena. Segurtasun aldetik prestatuta gaude, baina kaskoa jantzitakoan hori asumitu behar da.
Agurra izan liteke eten hau?
Ez, ez dut uste. Beldurra badaukat jende asko atzeratu egingo dena, nola jarraikortasunik ez dagoen. Gazteak oso indartsu zetozen, eta orain ez dakit nola segituko duten.
Gabiriakoak zer du berezitik?
Orain bidea zabalduta autobidea bezala jarri dute, baina lehen errepide estua zen, bide txikia, sagu-zuloa. Eta kotxe txikiek zerbait egin zezaketen. Guk ez, baina gu ere aurrerago sartzen ginen. Orain ia abiadurak handiak dira. Besteenak aditutakoan beldurtu egiten naiz. Guk gurea egiten dugu, ordea. Orratzari begiratu ere ez diot egiten.
Karreretan, noiz sentitzen zara zure lekuan eta unean?
Kaskoa jantzitakoan. Patxi kopilotuari belaunetik heldu, eta ‘beno, minik hartu gabe joan behar diagu’ esatean. Gozatzera joaten gara, guk ez daukagu ezer irabaztekorik, eta galtzekoa, dena. Motor usain hau behar dut. Lasaitu egiten naiz egun bat hor pasatuta. Bezperan ez dut lo ondo egiten, baina ondoren bai.
Betidanik gustatu zaizkizu autoak?
Bai, txikitatik. Aitak esaten du, hiru-bat urte neuzkala Osinalderen desguazera etorri, eta ‘aita, kuato-elea’ esaten omen nuela. Txufi-k ez zuen ulertzen. Hizketan justu omen nekien, eta jada Renault 4L banekien zer zen. Ez dakit nondik etorri zaidan.