Mugikortasuna erkidego mailara zabalduko du Jaurlaritzak
Herri mailako konfinamendua altxatu eta mugikortasuna zabaltzeko erabakia hartu du Labi aholku batzordeak. Neurri berriak asteartetik aurrera sartuko dira indarrean.
Ikusmina zegoen Labi aholku batzordearen gaurko bilerak zer emango zuen jakiteko. Ia bi orduz elkartuta egon da batzorde politikoa, talde teknikoaren txostena aztertu eta erabakiak hartzeko. Bileraren ondoren, Iñigo Urkullu Lehendakaria atera da prentsaren aurrera, neurri berriak jakinarazteko.
Mugikortasunarena izan da aldaketarik nagusiena. Eguberrien ondoren ezarri zuten herri mailako konfinamendua altxatu eta Euskal Autonomia Erkidego mailan zabalduko dute.
Inzidentzia tasaren 500eko muga gainditzen duten herriei ezarritako neurri gehigarriak ere indargabe geldituko dira.
Balantzea ere egin du lehendakariak, eta “urte gogorra” izan dela aitortu du, “zailtasunez betea”. Egoerak duela bi hilabetetik hona hobera egin duela azaldu du. “Bilakaera positiboa nabarmena izan da, 667eko inzidentzia tasatik 230era” pasa baita. Hala ere, ZIUen okupazio tasa handia dela gogorarazi du.
Horregatik, deseskalatzeaz hitz egiteko goizegi dela, eta egun dauden neurriak mantentzea erabaki dutela azaldu du, beti ere, hainbat egokitzapenekin, mugikortasunarena, besteak beste.
“Une kritikoan” gaudela gogorarazi du Urkulluk, eta “datozen 2-3 asteetako bilakaera oso garrantzitsua” izango dela. Hori dela eta, aurreko agerpenetan bezala, erantzunkizunerako deia egin die Lehendakariak herritarrei.
Neurri horiek guztiak, asteartetik aurrera sartuko dira indarrean.