«Neurri zehatzak» eskatu ditu Urdaneta Eskolak
Ordiziak %18,35eko migrazio tasa du, EAE mailako altuena. Eta atzerriko familietako ikasleen %87 Eskola Publikoan matrikulatzen dela azaldu du Urdanetak. Jaurlaritzari Arartekoaren gomendioak betetzeko eskatu diote.
Ordiziako Urdaneta Eskola Publikoko Komunitateak Hezkuntza Sailari eskatu dio, «Ordizian dagoen jatorriaren baitako desoreka areagotzen duten neurriak hartzeari uzteko eta Arartekoaren gomendioak aintzat hartzeko». Urdanetara bisita egin zuen Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak urtarrilaren 12an eta otsailaren 17an, Begoña Pedrosa, Hezkuntza Sailburuordearekin, Eugenio Jimenez, Ikastetxeetako eta Planifikazioko Zuzendariarekin eta Amaia Urzelai Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako ordezkariarekin.
Urdanetara egindako bisitetan, «Hezkuntza Sailburuak Ordiziako eskolen arteko desorekaren arrazoia eta irtenbide nagusia jatorria atzerrian duten familietako ikasleengan jarri zuen», Urdanetatik helarazi duten oharrak azaltzen duenez. Ordiziako Eskola Publikoaren kideek arrazoi gehiago dituzte: «Euskal Herrian jatorria duten familien matrikulazioaren baitan eta egungo arauak betetzearen baitan dago».
Ordizia datuetan
EAEko 10.000 biztanletik gorako udalerrien artean migrazio tasa altuena du Ordiziak (%18,35). Eskolatzeari erreparatuz, «tasa, are altuagoa da (%23)». Ordizian jatorria atzerrian duten familietako ikasle guztien «87% eskolaratzen da Eskola Publikoan, eta desoreka hori are nabarmenagoa da Haur Hezkuntzan». Gainera, «matrikulazioan gertatzen den oinarrizko desoreka hori, areagotu egiten da ikasturtean zeharreko matrikula biziarengatik, ikasturtea hasita matrikulatzen diren ikasleen %86 bideratzen baita Eskola Publikora».
Ordiziako Eskola Publikoaren komunitateak behin baino gehiagotan salatu du egoera hau. Arartekora ere jo zuen: «Arartekoaren eta Gipuzkoako Fiskaltzaren esanetan, 2018-19 ikasturtean, Hezkuntza Sailak modu irregularrean jokatu zuen planifikazioan eta matrikulazioan». Ondorioz, Hezkuntza Sailak hartutako erabakiarekin «oinarrizko arazoak bere horretan jarraitzen du, eta desoreka betikotu edo areagotzeko arriskua» dago. Egoera ezagutu ostean, Hezkuntza saileko ordezkaritzak, «egoera bideratzeko konponbide gisa, herri mailako ekimenak eta ikasturtea hasi ondoren matrikulatzen diren ikasleak itunpeko ikastetxeetara bideratzea proposatu zituzten». Azken neurri horrek, ordea, «arreta jatorria atzerrian duten familietako ikasleengan jartzeaz gain, oinarrizko desorekan oso eragin txikia izango lukeela» uste dute Urdanetan.
Haurrentzat ikastetxea aukeratzea «zilegi» dela uste du Urdanetako komunitateak, «baina Arartekoak bere ebazpenean adierazitakoaren arabera, «askatasun hori ezin daiteke herri kohesio eta elkarbizitza orekatuaren gainetik jarri». Desoreka hori mantentzeak, edo areagotzeak, «herriko elkarbizitza eta inklusioari eragiten dio, euskalduntze prozesuak zailtzen ditu eta aniztasuna modu aberasgarrian bizitzea eragozten du».
Ordiziako Urdaneta Eskola Publikoko komunitatearen ustez, «ezinbestekoa da Ordiziako bi ikastetxeetan, Euskal Herrian jatorria duten eta jatorria beste herrialde batzuetan duten familietako ikasleen arteko oreka bermatzeko neurriak hartzea», eta oreka lortzeko, «Jakintza ikastolan HHn baimendu eta planifikaturiko gela eta lerro kopurua mugatzea ezinbestekoa da, eta planifikatutako gela eta eskaera kopurua gainditzen direnean, ikasle horiek Ordiziako Eskola Publikora bideratu behar dira».