Beasaingo Udalak zaintza lanei dagokien balioa emateko lidertza hartu du
Beasaingo Udalak zazpi ardura hartu ditu zaintzaren inguruko politikak sustatzerako orduan. Asmube eta Oriako Lamiak elkarteetako kideek ere parte hartu dute ekitaldian
Beasaingo herriak zaintza-lan guztiei dagokien balioa emateko garaia badela aldarrikatu du. Emakume langileen nazioarteko egunaren harira egindako adierazpen instituzionalean eskatu dute, udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztietako ordezkariak, Asmube eta Oriako Lamiak elkarteetako kideak eta hainbat herritar zeudela, adin askotarikoak. “Bada garaia aurrera egiteko erantzunkidetasun handiagoko eredu baterantz, pertsona guztientzat ekitate eta ongizate handiagoa sortzeko”.
Udalak “liderra” izan behar duela “zaintzari eta haren hornikuntzari buruzko politika publikoak bultzatzeko orduan, erantzunkidetasun publikotik abiatuta, eta arreta emanez gizon eta emakumeen baldintza eta inpaktu desberdinei” aitortu dute. Hainbat konpromiso hartu dituzte: Gizartean zaintza antolatzeko ereduari buruzko eztabaida bultzatzea; Analisia egitea, genero-ikuspuntutik, kolektibo zaurgarrienen egoerari eta beharrizanei buruz eta horiei aurre egiteko premiazko neurriak martxan jartzea; COVIDaren krisiaren eragina arintzeko onartzen diren neurri guztietan genero-ikuspuntua gehitzen dela bermatzea; adingabekoen eta mendekotasuna dutenen zaintzari laguntzeko tokiko zerbitzuentzat konponbide bideragarriak aztertzea eta ezartzea, zaintza baldintza duin eta bidezkoetan egin dadin; Udalen Berdintasun-plangintzetan, espresuki azpimarratzea emakumeen ahalduntzea; Berdintasuneko tokiko politikak garatzeko eta generoa tokiko politika guztietan zehar-lerroa izateko erabiltzen diren giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak sendotzea eta babestea; eta, tokiko zaintza-sare komunitarioei babesa ematea.
Leire Artola alkateak esan du pandemiak agerian utzi duela mugimendu feministak eta emakumeen kolektiboak egiten ari ziren zenbait aldarrikapen: “giza bizitza zaurgarria da, eta giza ingurunearen, ingurumenaren eta ingurune komunitarioaren zeharo mendekoa. Ezerk ez du garrantzi handiagoa izan behar bizitza zaintzeak baino, pandemia dela-eta muturreraino prekario bihurtu eta ahuldu den bizitza”. Dimentsio askoko krisi sistemikoa dela egungo testuingurua gaineratu du. Prekarizazioa, pandemia, arrakala… denak nahastu direla salatu dute.